Gure 'trampak'
Auzolotsa eta irribarre ironikoaren artekoa eragin digute hainbati AEBetako Kapitolioan ikusitakoek. Azken belaunaldietako munduaren nagusiaren gainbeherak halako munstroak sortzen ditu, Trump erakusgarri. Halere, estatubatuarrei goitik begiratu badiegu ere, ezin esan geurean Queensko handiustearen modukorik ez dugunik.
AEBetako presidentetzarako izena emandakoan, analisi askoren arabera Trumpen ateraldi eta gezurrek estrategia landu eta sakona zuten atzean. Nire ustez, bere inteligentzia gehiegi balioetsi eta bere arriskua gutxietsi ziren. Izan ere, zaila egiten zaigu pentsatzea inork burutik pasatzen zaion lehen gauza esango duenik.
Donostiarrok, ordea, ezagutu dugu horrelakorik. Urte askoan geure politikan izan den batek ere antzeko «dohainak» zituen. Dohainak, bai; zoritxarrez, halako izaera politikan aurrera egiteko laguntza handia ohi baita. Horra protagonistari buruzko pasadizoa: egun berean beste hiru alderditako kideei banan-banan eta berak amestutako koalizio perfektua solaskidearen alderdiarekin zela esan zien. Hots, PPkoari beraiekin gehiengo unionista amesten zuela, EAJkoari zentroko paktuak nahi zituela, eta Bildukoari akordio aurrerakoia nahi zuela hirirako.
Okerrena zera da, gezurrek ez zutela inolako estrategiarik atzean. Morroia ez zebilen negoziatzen; besterik gabe, bakoitzari burutik pasatako lehen gauza esan zien, axola gabe gero besteek kafe-makinan elkarri kontatuko zioten ala ez. Hori du jende honek bereizgarri: eskrupulu eza. Kontua ez da etikoa, baizik eta ez dutela inolako beldur edo lotsarik garatu gezurretan harrapa ez ditzaten.
Halako pertsona ugari daude goi-postuetan. Afera ez da politikara mugatzen. Realaren inguruan ere izan genuen geure Trumpen kopia. Izan dugu lapurtu duen eta gezurrik esan duen presidenterik; baina, nekez aurretik izan genuena bezain ahoberorik. Hain garbiki eta beldurrik gabe gezurretan aritzen zenik. Eta horrekin ere, aldekotasun sutsuenak piztu zituen sektore handi batengan. Krisi garai batean konponbide erraz eta azkarrak agintzen zituelako.
Geure buruari egin beharreko galdera ez da zergatik dagoen hainbeste jende halako beldur sozialik gabe; baizik eta nolatan iristen diren hain gora. Zergatik den abantaila bat gizarteak ustez deitoratzen dituen gauzak egiteko lotsarik ez izatea. Agian guk geuk beldurragatik egiten ez ditugun gauzak egiten dituztenak miretsi egiten ditugulako ote?