Haizea Nuñez: 'Donostiarron bizi-larritasunak'
Etsita, aspertuta eta ihes egiteko gogoz entzuten edo ikusten ditut maiz berriak: etxebizitzen prezioen gorakadak ez du etenik Donostian; hirugarren urtez jarraian igo egin da alokairua Gipuzkoako hiriburuan;?egun, 14,1 euroan dago metro koadroa, iaz baino %3,5 altuagoa.
Gabonak iristear daudela, urte osoan solidarioak izan ez direnen ekintzak zerrendatzearekin batera, bihotza biguntzen zaigu eta kolonial-heteropatriarkala abizenak dituen kapitalismoak, honetan ere, bere etekina aterako du ataka horretatik. Umeekin partekatu gabeko denbora konpentsatuko dugu tren geltoki ondoan dagoen neguko txirristara eramaten. Hilabeteetan ikusi ez dugun amonari opari garesti bat eramango diogu. Eta munduko beste herrialdeetan gure bizimoduak eragiten dituen kalteak arintzeko finantziazio bila dabilen gobernuz kanpoko erakunde baten kaleko saltzaile prekarioak bidean atzeman gaituela, geure burua kontu korrontea ematen harrapatuko dugu ustekabean.
Urte osoan zehar instalatuta daukagu oker txikien mantra: «Ez dago ezer egiterik, guk geuk bakarrik salbatu behar dugu geure burua, inoren laguntza ez dugu izango eta ez diogu inori laguntzarik zor. Lehendabizi gure familia». Eta hara, amona zendu ostean gure eskuetara iritsi den etxebizitzarekin espekulatzeko eskrupulurik gabe jokatzen dugu, etekina txikia bada ere. Merkatuaren logika irensten dugu hiri honetan etxeak norenak diren ondo gordeta dagoen datua dela jakitun, auzoko jaietan eta lagunarteko afarietan etxebizitza eskubidea eta etxebizitzaren erabileraren balioa goraipatzen dugun bitartean. Badakigu oraindik ez dela iritsi zenbait familiaren ondarea lotsagorrituko duen egitura edo mugimendu politikorik.
Bada, hiri honetan Parisen edo New Yorken antzera, larriak botatzeko arrazoi asko daude, eta badiari begira dagoen noriaren bueltan ezkutatzen diren zenbait traizio txikik gure isla dira. Donostiarron bizi-larritasunak sendatu nahi ditugunok hari finarekin josi beharreko elkartasunak eta denok ondo bizitzeko aliantzak ditugu eraikitzeko. Elkarrekin, bai;?baina besteen gainetik jartzen gaituen pribilegio posizioetatik arduraz jokatzen, eguneroko erabaki txikiak kolektibitatearen aldekoak izan daitezen. Lagun batek dioen moduan: politikaz paso egitea eta zure bizitzan politikak eraginik ez duela sinestea, izan ere, politika lau urtean behin bozkatzera joatea besterik ez dela pentsatzea bezain sinplea da.