Hamabost
Kentzen badizkiogu hamabost urte gure bizitzei, agertuko litzateke norberaren irudi gazteagoa, gizen, argal, edo arruntagoa. Hamabost urte atzera egiteko eskatuko baligute, ziur, lehenengo pausoa norbere adinari hamabost urte kentzea izango litzatekeela. Hala, orduko gu hura irudikatzen saiatu, ingurura lotu, eta efemerideak harilkatzen hasiko ginateke.
Saiatu. Nor zinen zu 2005eko otsaileko bigarren hamabostaldi hartan? Zer zen zure ingurua? Nor zen? Zer zen Donostia? Nolakoa zen? Beharbada, norbaitek lortuko du galdera horiei erantzuna ematea; edo, agian, egongo da ni bezalakorik. Oroimena selektiboa omen da, eta hutsean, inongo erreferentziarik gabe, zaila egiten da orduko gu hura birsortzen.
Baina, gaurkoan, ariketa ebazteko badugu beste laguntzarik. Hamabost urte dira eskuartean, edo pantailaren beste aldean duzun webgunea/aldizkaria sortu zutenetik. 1994an ibilbidea hasi zuen Irutxulori jarraipena eman zion astekari honek. Bitarte horretan, hainbat moldaketa, hainbat kazetari, kolaboratzaile, albiste eta elkarrizketa. Planteatutako ariketa ebazteko, beraz, jo dezakegu 2005eko lehen astekari horretara, eta gure hirian ahoz aho zebilena irakurriz, sor dezakegu orduko gu hori.
Ziztadaren bat sentituko du norbaitek hamabost urteko ibilbide hori egitean, baina gaurkoan kalanbrerik ez, ez bada zoriontzeko asmoz. Azkar esaten da hamabost, baina urte guzti horietan zehar hamabost bider hamabost bider hamabost aldaketa bizi izan ditu gure hiriak, eta, horiek denak, edo gehienak, bildu ditu Irutxuloko Hitzak. Bildu eta bizi. Euskaraz. Txikitasunetik, baina handitasuna eta gertutasuna eskainiz. Eta gertutasuna diodanean, distantziaz ari naiz, baina baita prestutasunaz ere. Izan ere, hiria periferiak ere badirela erakusten digu aldizkariak; bai kokapen aldetik, baita hizkuntza aldetik ere. Hiriaren berri kaleetatik eman digute, parkeetatik, bizilagunengandik; erdigunean ezer jarri gabe, Donostia denok garela erakutsiz.
Hasieran planteaturikora bueltatuz, lortu 2005eko astekari hura, eta irakurriz, oroitu. Nolabait kokatuko duzu zure burua auzoren batean, hirian. Eta, ziur, erasango zaitu nostalgiak. Izan ere, hamabost urte atzera eginda bestelakoa zen Donostia, gertuagokoa izaeran eta esentzian. Halakoa zen, eta hala kontatu ziguten kazetariek. Etorkizunean zer irakurriko dugun ere ez da soilik kazetarien eskuetan egongo, txikitasunetik eta gertutasunetik jarraituko baitugu denon artean hiria eraikitzen. Bitartean, Maita dezagun ondo, gutxienez, beste hamabost urtez.