Haritz Varelari gutuna
Bi urte joan dira jada hainbeste buruko eta tripako min eman dizkigun erasoa argitara atera zenetik. Biluzik argazkiak ateratzeko proposamenak egin zenizkigun gutako batzuoi; iruzurraren tranpan erori ginen beste batzuk, eta argazkiak atera; bestelako engainu eta eta botere harremanengatik mindu gaituzu beste asko, zure ingurukoenak eta lagunak, militantzia-kideak, Donostiako eta Euskal Herriko pertsonak; finean guztiak; zure gezur, engainu eta erasoengatik.
Zorionez esan dezakegu zure kontra abiatu genuen prozesu judiziala itxitzat ematen dugula. Egin duzuna aitortu eta berriro gerta ez dadin lanketa profesionala abiatzea onartu duzunez, dakizunez, akordio judiziala egin baitugu salaketa jarri genuen hamar emakumeon eta zure artean. Ez genuen eta ez dugu justizia sistema espainiar eta matxistan sinesten, ezta zigorrean oinarrituriko erreparazioan ere: horregatik erabaki dugu kalte ordainei uko egitea. Bide guztiak urratu nahi genituen ordea; gure minari erantzuteko gizarteak eskaintzen zizkigun guztiak, eta horregatik jo genuen epaitegietara ere.
Kolektiboak eta gureak izan dira sendabidera eraman gaituzten bide gehienak. Eta horretarako sortu genuen, hain justu, Tximeleten Reboluzioa: erasoa jasan genuenon artean saretu, elkar goxatu, eta elkarrekin borrokatzeko. Eta ederra izan da bidean aurkituriko jendearen elkartasuna eta berotasuna; zuei guztiei, bihotzetik, milesker.
Askorentzat zauriak zabalik dirau oraindik ordea, eta badakigun arren ezin zaiola pertsona bati heriotza sozialik opa, oraindik ez gaude prest zurekin parez pare topo egiteko. Mina ematen digu oraindik gertaeren oroitzapenak, eta zu ikusita sabela estutzen zaigu. Badakigu egindakoaz kontziente zarena, eta, beraz, behar dugun distantzia hori errespetatzea eskatzen dizugu; besterik ez.
Gertaturiko honek guztiak ordea hausnarketa zabalagoa eskatzen du, berriro eta inon halakorik gerta ez dadin. Gugandik harago, botere harremanen, militantzia ereduen, genero sistemaren eta oro har eraso sexual eta sexisten ingurukoa. Mugimendu feministarekin eta bestelako herri mugimenduekin batera, horretan bidelagun izango gaituzue.
2019ko uztailean,
Tximeleten Reboluzioa