'Harrerak'
Oharkabean arraun denboraldiko erdialdera iristen ari gara, eta hamaika gai izan daitezke gaurkoan zerbait idazteko hizpide, baina, arraunlarioi bandera (denok nahi dugun trapu preziatu hori) irabazitakoan herriko udaletxeetan egiten zaizkigun harrerez idaztea bururatu zait. Donostiako harrerez, adibidez. Kasualitatez edo…
Arraunzalea ez denarentzat argibide gisa, traineru batek estropada (eta trapua) irabazten dituenean, herriko udaletxean harrera egiten zaio udaletxeko balkoitik trapua astindu eta herriarekin ospatu dezan.
Baina, tamalez, hori ez da beti horrela izaten, ez behintzat, Donostian. Are gutxiago emakumeez, emakume arraunlariez, feminismoaz… ari garenean (ez dezala inork gauzak nahasten ari naizenik esan). Guk, emakume arraunlariok, aspaldi ikasi genuen arraunean ere ezer ez dela kasualitatea.
Aurtengo denboraldian, Donostiarra taldeko emakumeok bi bandera irabazi ditugu sortu berri den Emakumeen Traineru Elkartearen (ETE) ligan. Logikak, berez, argi uzten du asteburuan udaletxeak ateak zabalik eduki beharko lituzkeela, baina, ez zen horrelakorik gertatu.
Eneko Goia alkateak ez omen du igandero udaletxea zabaltzen ibiltzeko asmorik, lehenengo mailan izango bagina akaso baietz (nire zalantzak ditut), baina, bigarren mailan gauden bitartean hori ez dela posible. Aitzakiak.
Gogoraraziko dizut, Goia, aurreko urtean mutilen A ontzia bigarren mailan egon zela, eta ez zenuela harrerak egiteko inolako aitzakiarik ipintzen. Gauza bat argi geratu da, kontua ez dela arraunean ze mailatan gabiltzan, emakumeoi gizartean zein maila ezarri zaigun baizik. Eta argi geratu da mutilen A ontzia dagoen bitartean gu beti izango garela bigarren mailakoak, zentzu guztietan.
Guk, emakume arraunlariok, lanean jarraitzeko ez dugu inolako harrerarik behar, argi dugulako bidea (tira, onar dezagun harrerek ilusioa egiten digutela, gure lanaren aitorpen txiki bat baita), baina, horren aurretik borondate politiko/instituzional/pertsonal gehiago nahi dugu, ez aitzakiak.
Bitartean, guk gure kabuz aspaldi hasitako borroka hauspotzen jarraituko dugu feminismotik, gure gorputzetatik, gure nahietatik, gure klubetatik… hau ere badelako borroka feministan zabalik dugun bidea.
Aurten ETE sortu dugu, pausoak ematen ari gara, baina, zenbat dugun oraindik egiteko. Nik argi dut baldintzak eta hobekuntzak ez direla eskatu ahala etorriko (hala izan beharko lukeen arren). Horregatik jarraituko dugu antolatzen, erabakitzen, orain artekoa birpentsatzen, borrokatzen… eta kasurik egin ezean, inoiz inori baimenik eskatu gabe estropada batean ziaboga bakarra eman beharrean hiru ziaboga emango ditugun eguna imajinatzen dut, telebista hankaz gora jarriko duguna. Azken momentuan gizonezkoen mesederako estropadako ordutegia aldatzean, emakumeon traineru guztiek planto egingo dugun eguna imajinatzen dut. Inoiz emakumezkoen traineruren bat harrerarik gabe gelditzen denean, denok elkarrekin udaletxeetako balkoiak okupatuko ditugun eguna imajinatzen dut. Espazio publikoa (itsasoa barne) gureganatuko dugun eguna imajinatzen dut.
Aurrean duguna borroka kolektiboa delako, eta bakarrik egitea baino, errazagoa delako elkarrekin egitea. Ez dezagun imajina, egin dezagun!
Aupa neskak, irabaztera goaz!
Elene Lopetegi, arraunlaria