Harro
Kosta egiten da errutina izan zen horri berriz ere ekitea. Erraz, aldiz, egunerokotasuna markatu duten horiek alboratu eta deskonektatzea. Baina horretarako omen oporrak. Horiek ditugu oporrak: nekez hasi, eta ustekabean bukatzen diren egun jarraien multzoa.
Kurtsoa hasita, eta errutinak berrartzeari ekinda, ziur egingo dugun gauza izango dela oporren inguruan hausnartzea; urtebetez garai horretarako sortu ditugun espektatibak bete ote diren neurtzea, eta balantzan dantzan aritzea: hurrengo urtekoak zertan hobetu ditzakegun pentsatzen jarri eta errepikatu nahiko genukeenarekin amestea. Eta pentsatu eta esango ez diren hausnarketa horien barruan, izango dugu gainerakoei zer esan, zer gomendatu, zer aholku eskatu. Izan ere, egunerokotasunean ere, gu beti oporretan.
Goizeko zazpietako iratzargailuak jotzearekin, oporretan esnatu zait burua iraileko lehen hamabostaldian; eta opor egun horien inguruan hausnartuta, lerrootara ekarri beharrekotzat sentitu ditut esker eta harrotasun hitzak. Beharbada berandu, baina abuztuaren 13ko gauean eta 14ko egunez gertaturikoa ezin dugu ahanzturara kondenatu.
Salaketak, amorrua, haserrea, inpotentzia, mina. Horiek eta gehiago izango ziren egun horietan Donostiako portuan zeudenek sentitu zituztenak. Irri, gozamen, poz, harrotasun egunak behar zuten abuztuko erdialdekoek, baina itsasoa belztu ziguten marrazoetan behar dutenek. Eta hala ere, itsasoa kontra eduki arren, indarrak batuz eta aingurei hegalak jarriz, ez ziren urperatu; ahultasun uneak indar erakustaldi bihurtu zituzten Donostiako Piratek.
Kanpoan nintzen ni, baina urrutian ere senti nezakeen unearen garratza, gorrotoa eta mina. Mugikorra eskuartean, Twitterra eta Whatsappa maiz bisitatu nituen 14ko goiz hartan, zerbaitek esaten baitzidan erantzun irmoa emango zuela mugimenduak. Eta hala izan zen. Bertan behera utzi zuten egun batez egitaraua. Zentzuzko erantzun hori hartzea erraza izan ez zela ere badakigu; urte guztian zehar egindako bilera, Flamenkada, eta edukitako buruhausteek gozamena den beste ezer ez baitzuten behar. Baina argi igorri zuten mezua: kolektiboak sorturiko jaietan, kolektibo erdiak goza ezin badezake, ez dago jairik.
Albistea irakurrita, hunkitu egin nintzen, harro. Bertan egoteko eta laguntzeko gogoek gainezka egin zidaten, eta amorru malkoren batek ere ihes egin zidan, baina era berean sentitu nuen beste behin ere txarrenari onena ateratzeko gai dela mugimendua. Behetik goragokoei bataila irabazteko gai izan gara beste behin ere. Balio dezala mezu honek, hilabete beranduago, indarrez eta harrotasunez armaturik jarraitzeko. Zinemaldia hastear den honetan, senti itzazue hitzok alfonbra gorri. Egoera gogoratze hutsak kalanbreak sortzen jarraitzen duen honetan, esker hitzak Donostiako Piratei, eta bereziki, bihotza jarri duen Zirgari taldeari.