Hau hasiera besterik ez da
Realak aurten futboleko Espainiako Kopa irabazi du. Irrika handiz bizi izan ditu azken asteak, Donostiak ez ezik, Gipuzkoa osoak. Partida gogoangarria izan zen, zale txuri-urdinen entusiasmoa eta irabazteko grina futbolzale ez garenoi ere kutsatu ziguten. Azken une arteko tentsioa eta zirrara, emozio eztanda itzela eta poz leherketa kolektiboa izan zen. Une historiko bat bizi izana sentitzen den horietako bat, urteetan jendearen gogoan iltzatua gelditzen dena.
Auzoetako kaleko pantailak, herriz herri antolatutakoak, eta bost gipuzkoarretatik batek Sevillarako bidea hartu izanak ematen du partidaren neurria. Hamaika etxetan hilabeteko soldata –edo gehiago— asteburu edo egun bakarrean xahutu zen apirilaren 18ko asteburuan. Sevillako hiriburuko eta inguruko ostatu, jatetxe, taberna eta dendak oro har, hori bai, zoratzen partidak utzitako etekinekin.
Realari zaleek astelehenean egindako harreran izan nintzen ni ere, umea ondoan hartuta, familian. Adin guztietako pertsonek osatzen zuten marea txuri-urdin horretan, haur mordoa zegoen eta gazteak nagusi. Alderdi Ederren, ekitaldiaren hasieran, Estatu Batuetako entrenatzaileak euskaraz hitz egin zuen. «Saiatuko naiz hau euskaraz egiten, beraz, barkamena eskatzen dut». Plazak orro betean erantzun zion, pozarren, txaloka. Eta jarraitu zuen, «egingo ditudan akatsengatik».
«Entrenatzaile fina dela erakutsi du Matarazzok. Lau hilabete eskasetan, taldea gailurrera eramaten jakin du. Baina jokoan dagoena gehiago ere badenaz jabetu da»
Hunkitu egiten gara euskaldunok atzerritarrek euskaraz lehen hitza egiten dutenean. Berdin da Zinemaldian, edo Anoetan, Bruce Springsteenek eta beste hainbatek kontzertuari hasiera ematean, zein duela bi aste futboleko goi mailako sariaren ospakizunean. Ingelesaz gain, italiera eta alemana dakizki guraso italiarrak dituen entrenatzaile estatubatuarrak.
«Segi holakuek izaten, ez dakazue ta parekorik» esanaz despeditu zen eskertuta Unai Marrero, eta plazak esker onez erantzun zion. Haren ondotik, ordea, euskaldunoi barkamenak euskaraz eskatuta, lotsarren, gaztelaniaz prestatu zuela eta, «halaxe egingo dut, denak ulertzeko», Aritz Elustondo beasaindarrak gaztelania peto-petoan hitz egin zuen, luze. Auzolotsa sentitu nuen.
Entrenatzaile fina dela erakutsi du, beste behin, Matarazzok. Lau hilabete eskasetan, jokalariei eurenganako konfiantza eman, eta taldea gailurrera eramaten jakin du, Sevillan. Baina jokoan dagoena gehiago ere badenaz jabetu da, baita ere. Barkamena eskatu zuen Matarazzok, ez euskaraz egiteagatik, baizik eta mundu anglosaxoian ohikoa den moduan, norbere hizkuntzan ez mintzatzean ahoskatzean egin ohi diren akatsengatik.
Futbolariek gizartean duten eredu izaeraz asko hitz egiten da, haur eta nerabeei begira bereziki, eta honetan ere eredu izan da, hitzartzea euskara hutsez eginda. «Hau hasiera besterik ez da», esan zuen. Hala espero dut, ez soilik futbolari dagokionez.


