Hautsak harrotu
Aspaldiko kontuak antzinakoak dira. Behinola jazotakoak orduan gertatu ziren, baina oraindik ere hautsak harrotzen dituzte. Han eta hemen, gurean, Donostian, ere bai. Akarosisak arnasa ezin hartzea eragin dezake. Apurkako ala bat-bateko itolarria. Baina, inork ez du larritasunik nahi. Orduan eta orain, jendeak lasai bizi nahi du. Horregatik garbitzen dugu sakon, hauts alerik gera ez dadin. Ordaindu egiten dugu, norbaitek arrastoak ezaba ditzan. Pasatutakoa estali.
«Oroitzen dut nola amona Marik, eztul artean, Aste Nagusiko su artifizialak gogoko ez zituela aitortu zidan. Zaratak 12 urte zituela ‘gertatutakoak’ ekartzen zizkion gogora»
Isiltzen ziren batzuk orduan, beldurragatik ere besteak. Edonola ere, oroitzen dut nola amona Marik, eztul artean, Aste Nagusiko su artifizialak gogoko ez zituela aitortu zidan. Zaratak 12 urte zituela gertatutakoak ekartzen zizkion gogora. Osaba Anjelek, tarteka, kontatzen zituen Ulian haurra zela ikusitakoak. Eztarria narritatu ezik, ahotsa ere urratzen zitzaien, barne min baten seinale eta zantzu garbia. Afoniatik osatzeko hitzik ez egitea ei da onena, eraginkorrena akaso, baina sendabide horren albo ondorioak kaltegarriak dira oso. Afasiaren adierazpen gaitasunerako ezintasuna eta amnesiaren oroimen galera larrienak. Bai eta askoren gaitza probestuz, gutxi batzuen ahots bakarraren nagusitzea ere. Urteak dira gailendutako narratiba zurrun eta itxiak pitzatu eta birrintzen joan direla, nostalgiko batzuk berriz hauspotzearekin tematuta dabiltzan arren. Horien aurrean, ikusmira zabaldu eta askotariko ahotsak berreskuratuko dituen kontakizun polifonikoak eraiki behar ditugu. Ahanzturaren bidean geratu zirenen ahotsak gogora ekarri, gehiegikeriaren aurrean isilik manten baziren ere. Jardun luzeetan garbitzen eta josten zuten emakumeen hasperenak, haien hizkuntza galarazi zieten haur eta zaharren erneguak, besteen aisia eta oporrak ikusi arren, haietaz gozatu ezin izan zutenen arrangurak eta norabide bakarrean maitatzea derrigortua zeudenen garrasi mutuak.
Sasoi bateko soinuak itzaltzen ari dira, betirako iraungitzen. Belaunaldi baten azken hatsak ditugu entzungai. Egin dezagun tentuz, bada, berandu baino lehen, guztiak finatu aurretik. Astin ditzagun, harro, geure hautsak.

