'Hegaldiak'
Jon Markel Ormazabal, musikaria
“Hegalak dituztelako egiten dute hegan txoriek? Ala hegan egiten dutelako dituzte hegalak?” (Horretaz). Abokatua genuen Artemio Zarco. Frankismoaren aurkako presoen defentsan ibilia, artean Burgosko epaiketan. 1968. urtean bera sartu zuten preso, Martutenen. Kartzela, baina, haurtzarotik zuen ezagun. 1936ko gerraren aurretik, Ondarretakoan izan zuten aita. Barrutik Santa Klara uhartea ikusten zela oroitzen zuen. Miresten zuen uhartea Txillardegik. Preso izana bera ere, 1950. urtean lehenik, 1960ko abuztuan gero. Joseba semea bigarrenez espetxeratu zutenean, bere osasun arazoak zirela eta, ezin izan zuen behin ere ikusi. Azken bost urteotako notizia guztiek bezala, espetxean harrapatu nau Artemioren eta Txillarren heriotzaren albisteak. Hitzak barruan pilatzen dira halako uneetan eta, nire kasuan, barruan horrek adiera berezia hartzen du. Agian hargatik egin dit ihes gogoak, bata zein bestearen kartzela-biografietara. Ez ditut imajinatzen txoria ziegako leihora noiz urreratuko zain. Areago eta gehiago, hegaztien hegaldiei segika ikusten ditut. Bata txorien berezko kantua ikasi nahian, hegaldi askeak lege nola egin hausnartuz bestea. “Ni naiz orain txoria” esanez biak. Biak donostiar, biak ezberdin, baina gogoangarri. Ezinbesteko. Pentsatzaile bezain ekintzaile, aro berria markatu duten intuizio erabakigarri guztien iturrietan Txillardegi; iturri horretatik edaten genuenon defentsan Artemio. Gure bizitzetan sartu dituzten ziega txiki denetako kartzelarien kontrako frankotiratzaile biak. Txanda orain, gaurko belaunaldiena dela idatzi da. Bien artean 37 liburu uzten dizkigute eta hamaika elkarrizketa. Txillardegiren hitzak dira: “(… ) gazteek badakite ere nolakoa izan den historia eta, oro har, askoz animatuago daude aurrera jotzeko”. Animorik ez da falta. Badoakigu hezur-haragizko garai bat, baina batzuek, hartarako hegalen beharrik ez duten hegaldian zeharkatuko dituzte garai ezberdinak. Eta izango dira belaunaldi berrien bidaide. Badugu hegaldia nondik segi. “Oker ala zuzen, beti erradikal” (Hitza Hitz).