'Helbururantz'
Jon Odriozola, kazetaria
Anoetara hurbildu ziren 18.599 zaleetatik, bat baino gehiago tximu eginda –blai– etxeratu zen astelehenean. Ia asteartean hobe esanda; gauerdia ez baitzen oso urrun. Baina pozik. Astelehena, eta halere kontentu. Asteko lehen egun guztiak horrelakoak balira. Ez da futbolak lortzen ez duenik. Sasi –belar– guztien gainetik, eta hodei guztien azpitik jokatu zuten jokalariek. Haizea eta euria une oro. Baina zartako on bat nahikoa izan zen hezetasuna uxatu eta salto bat emanez gorputza berotzeko. Bakarra baina zorrotza. Osasunaren aurka bezala. Gol bat, eta hiru puntu. Bikain ari zen Tamudo. Fin. Golegile. Baita taldea ere. Etxean batik bat. Halere, azken minutuetan beste gol bat lortu ez izanak urduritasuna eragin zuen harmailetan partidaren azken txanpan. Baina etxean, defentsan, txukun dabiltza txuri-urdinak. Demidovek bere maila erakutsi zuen. Ez dakit gaztelania –edo euskara– asko dakien baina zelaian eskarmentua duela agerikoa da. Une oro taldekideei adorea eman, eta aginduak eman eta eman aritu zen. Taldeari gogotsu antzematen zaio. Erronka? Etxean erakusten duen trinkotasuna habiatik kanpo azaltzea. Hurrengo partida, etxean, uste baino lehenago jokatuko du Realak. Bihar, Espanyolen aurka (18:00), Cornella-Prateko zelaian aritu ostean, datorren asteazkenean Levante hartuko dute txuri-urdinek Anoetan. Astegun buruzurian! Edo zuri-urdinean. Ohi bezala, zalea, taldea babesteko prest dagoela erakusten ari baita jardunaldiz jardunaldi nahiz eta ordutegi xelebre eta astegunetan Anoetara hurbildu behar. Zazpigarren postua ez dago oso urrun, eta bat baino gehiago Europara begira jarrita dago jada. Egia esan, bai amets tentagarria, baina hobe oinak lurrean izatea. Badaezpada ere. Handi litzateke Bigarren Mailatik igo berritan datorren urtean Europan jokatzea. Posible den? Astelehenekoa ikusita, blai noski