Heldulekuak
Berriz ere, déjà-vu bat. Frantsesez, jada ikusia. Halako sentsazioarekin esnatu nintzen astelehenean, hauteskunde biharamunean. Behobia egin izanaren sentsazioa ere senti nezakeen gorputzean: giharrak gogorturik, nekea, eta jende asko aurreratu izanagatik, betikoek irabazten duten sentsazio berarekin. Déjà-vu-a eta agujetak, beraz, astelehen hotz eta euritsuan. Azken aldi honetan, hauteskunde egunaren biharamunean errepikatzen diren sentsazioak.
Agujetak deituriko hori, beraz, hauteskundeek eragina izan da: azken momentuko esprintak, tentsioak, sufrimendu handi eta poz txikiak. Gogoan dut, apirileko hauteskundeen hurrengo astean egokitu zitzaidala aldizkari honetan zutabea idaztea, eta orduan, dinosauroez jardun nintzen: «Esnatu ginen astelehenean, eta dinosauroak han jarraitzen zuen. Ez dakit inoiz baino handiago, baina handi. Bere hazkuntza prozesu etengabeko hartan, lodi. Anbiziotsu. Babes askorekin eta kristalezko sabairik gabe».
Hortik, beraz, hasieran aipaturiko déjà -vu-a. Izan ere, berreskuratutako hitz horiek maiatzaren hasierakoak badira ere, ez dira iraungi. Azaroko astelehen euritsu honek, badu maiatzeko egun hartatik asko. Dei diezaiokegu, beraz, hauteskunde osteko egunari ere marmotaren eguna.
Dena den, orduko hartan, dinosauroak agertzen antzeman genituen. Baina, oraingoan, antzeman ez, hurbil sentitzen dugu Jurassic Park-a. Gero eta gehiago dira, eta gero eta lur eremu handiagoa bereganatu dute. Eta hala, aipaturiko agujeten sentsazio horri, besteren bat ere gehitu zaio oraingoan: beldurra, izua, ezinegona. Baikor jarriz, duela miloika urte egin zuten moduan, dinosauro hauek ere desagertuko direla pentsa dezakegu. Baina momentuz, gogor sartu dira, min handia emateko gogoz.
Mehatxu hori belarrira xuxurlaka ari bazaigu ere, bada geure inguruan harresia sortzeko indarra ematen digun irribarrerik. Dinosauroen arrasto txiki batzuk besterik ez dauden lurraldeetan, txarrenari onena ateratzeko gai bagarela dioten esperantza ahotsek helmuga pozik gurutzatu zuten igandean: Galiza, Hego Euskal Herria, Herrialde Katalanak. Eta beharbada, baikor agertzeko arrazoi asko ez badugu ere, badugu bat: poz txikiek egiten gaituzte herri, irri. Eta poz txiki hauek dira agujetei aurre egiteko modurik onena.
Hala, tentuz ibili alanbreetan, eta sentitu kalanbreak pozetan. Baina ondokoek dioten moduan: «Si estirem tots, ella caurà». Egin toki poz txiki hauei, eta igandeko lasterketak ez dezala helmuga bakarra izan.