Herri galdeketa Igeldon
Igandean, igeldotarrok aukera izango dugu Toki Entitate Txikia sortzearen inguruan iritzia emateko. Azken urte hauetan Donostiako Udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak adostu duguna balioan jartzeko momentua izango da. Donostiako Udaleko ordezkari politikoen gehiengo zabalarekin onartu ondoren, orain, Igeldoko herritarrek proposatutakoari babesa erakustea garrantzitsua da. Igeldok egitura administratibo berri bat izango du, eta orain arteko ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat gehiago izango da.
Historian zehar, Igeldoren ibilbidea luzea eta plurala izan da. Herri, udalerri, auzo… bai, egitura ezberdinak baliatu ditugu historian zehar.
Baina bide horretan zehar bada zerbait urteetan berdin mantendu dena eta egun garena izatera ekarri gaituena. Gure nortasun propioa izateak donostiarrengandik beti bereizi gaitu. Eta egitura berri honen sorreran, Donostiako ordezkari politiko guztiek aitortu digute hori horrela dela. Horregatik, TET sortzea nortasun eta izaera berezi horren aitortza da.
Igeldotarrok zer izan nahi dugun lehen ere adierazi dugu horretarako aukera izan dugun bakoitzean, azken 30 urteotan hiru alditan, gutxienez. Orain baino lehen egindako galdeketa eta iritzi emateek arrakastarik izan ez bazuten ere, urte hauetan eskatzen genuena beharrezkoa zela frogatuta geratu da. Igeldok herri izaeraren aitortza eta bertako herritarrek kudeatutako administrazioa eta eskumenak nahi eta behar dituela, alegia. Azken lau urte hauetako negoziazioen ondoren, TET sortzea adostu dugu eta udalerri izateko ukatzen zitzaizkigun argudio asko, Tokiko Entitate Txikiaren sorrera arrazoitzeko proiektuaren txostenean jaso dira. Orain, herritarrok aukera dugu heldutasun ariketa egin eta gure etorkizuna hobetuko duen tresna honi baiezkoa emateko.
Ziur gaude apirilaren 14an igeldotarron iritzia errespetatuko dela, eta poztekoa da. Hala ere, orain arte egindako galdeketak ez errespetatu izanak garaipen baten moduan bizitzea galaraziko digu
Bai, baiezkoa herritarron artean adostu dugulako eta urteetan Donostiako Udaletik ukatu zaizkigun beharrak aitortu direlako. Bai, behingoz, zerbitzuak hobetzeko eta berriak sortzeko. Bai, behar sozialei erreparatu eta erantzunak ematen hasteko. Bai, gure behar eta lehentasunen arabera inbertsioak egiteko.
Ziur gaude Toki Entitate Txikia sortzeak igeldotarrontzat onura asko ekarriko dituela. Aldi berean, hau guztia kudeatzeko lan asko egin beharko dugu, baina Igeldon beti horren garrantzitsua izan den auzolana ardatz hartuz, ziur nago guztion artean lortuko dugula. Ilusioz hartu dezagun datorkiguna, eta pazientziaz jarraitu herria kudeatzen. Orain arte egin dugun moduan, baina eskumen eta baliabide gehiagorekin.
Bukatu aurretik, gogoratu nahi nuke guretzat herri galdeketek izan duten eta duten garrantzia. Ziur gaude apirilaren 14an igeldotarron iritzia errespetatuko dela, eta poztekoa da. Hala ere, orain arte egindako galdeketak ez errespetatu izanak eta herri honen benetako nahiari bide eman ez izanak garaipen baten moduan bizitzea galaraziko digu. Gure ametsak bizirik jarraitzen du eta amesten dugun Igeldo egiten jarraituko dugu, lan tresna bat gehiago eskuetan hartuta. Eguna helduko da!