Herri libre bat?
Herri libre bat da Gure Eskuk abiatu duen kanpainaren leloa. Bai, baina zer da herri libre bat izatea? Eta ibilbide honetan non kokatzen gara momentu honetan?
Argi dugu eta barneratuta dugu benetako herri libre bat izateko oraindik urrats ugari falta zaizkigula. Baina, orain arte jorratutako bidea bikaina eta oparoa izan dela eta beste egoera batean kokatzen gaituela.
2014an, 6.000 donostiar izan ginen Sakanan Durango-Iruñea giza katea osatzen!
2018ko ekainean, udaletxetik Errekalderainoko tartea osatu genuen, eskuz esku 175.000 lagun bildu zituen giza katean.
2018ko azaroan, 21.000 donostiarrek eman genuen botoa, herri honek erabakitzeko eskubidea duela erakusteko antolatutako galdeketan! Eta harro gaude lehenengo hiriburua izan ginelako.
2022an, Pirinioetan argi izan ginen, eta han egon ginen donostiarrok.
Horiek guztiak, beste garai batzuetan jorratu genituela argi dago; garai berrietan murgilduta gaudenez, egungo erronkei —euskara, lurraldetasuna, energia, lan esparrua, osasuna, etxebizitza eta abar— aurre egin nahi diegu, eta horretarako, erabakitze eskubidea den oinarrizko eskubidearen alde lanean jarraitzea ezinbestekoa ikusten dugu.
«Herri libre bat izateko bidea egingo badugu, elkarrekin egin beharko dugu, ez baitigu inork askatasuna eta burujabetza oparituko»
Lan horretan aurrera egiteko, hona hemen zenbait arrazoi:
-Euskaldunak garelako, euskara jasaten ari den oldarraldia gainditzeko, Herri libre bat.
-Zazpi lurraldez osatutako nazio bat garela aitortza lortzeko, Herri libre bat.
-Gure gizarte antolakuntza hemen erabaki behar delako, Herri libre bat.
-Gure energia hemen kudeatu nahi dugulako, Herri libre bat.
-Etxebizitzaren erronkari aurre egiteko, Herri libre bat.
-Burujabetzan aurrera egiteko, Herri libre bat.
-Herritarron garaia delako, Herri libre bat.
-Gure etorkizuna eraikitzeko, hitzetik ekintzetara pasatzeko unea delako, Herri libre bat.
Herri libre bat izateko bidea egingo badugu, elkarrekin egin beharko dugu, ez baitigu inork askatasuna eta burujabetza oparituko. Beraz, herri libre bat garela argi dugun donostiarroi dagokigu erantzun sendo, alai eta indartsu bat ematea. Horregatik, datorren ekainaren 7an Bilbora herri libre bat garela ozen, argi eta alaitasunez aldarrikatzera deitzen zaituztegu, askatasunaren bidean.
Ekainaren 7an, Bilbora elkarrekin, herri libre bat garelako.
Oraingoan ere gure esku egongo da!