'Hiri hondakinen sailkapena Donostian: borondatezkoa ala derrigorrezkoa?'
Donostiako Udaleko Bildu eta PSE talde politikoek iazko maiatzean sinatu zuten hiri hondakinen bilketa sistemaren inguruko akordioa, eta berriki, Donostiako Udalak hondakinen frakzio organikoaren bilketari buruzko azalpenak eman ditu. Akordio hau blokeatuta zegoen hondakinen gaian “arnasgune” bat izan den arren, hondakinen kudeaketa eredua zero zabor helburutik urrun dagoela deritzogu Donostiako Hondakinen Bilgunetik hondakinak gaika bereiztea borondatezkoa izaten jarraitzen duelako.
Hainbat auzo elkarte eta hondakinen arloko zenbait eragileez osatutako bilgunea gara eta arduratu egiten gaituzte zero zabor bidean Donostiako Udalaren pauso apalek. Izan ere, 2016rako aurreikusitako %60ko birziklatze tasa lortzeko ezintasuna, hondakin organikoa sailkatzeko borondatezko aukera, auzo-konposta hiri osora ez zabaltzea, hirian autokonposta egiteko aukera duten 2900 etxebizitzetan epe motzean konpostagailua eskuratzea ez bultzatzea, emaitza kaxkarrak lortzen dituzten bilketa sistemak ezartzea… arduratuta egoteko motiboa dira ingurumenaren eta herritarren osasunean hondakinen kudeaketak duen garrantzia ezagututa. Honen aurrean, gure jarrera hondakinen kudeaketa arduratsu eta integral baterako hartu beharreko neurri zuzenak erakustaraztea izango da.
Lehenengoz, atzerapauso bat bezala ikusten dugu bost edukiontzien bilketa sistema, eta edukiontzi marroia borondatezkoa izatea ere bada traba. 2014ko otsailaren 27an, Donostiako udalbatzak Hiri Hondakinen Ordenantza aldatzeko erabakia akats handia izan dela deritzogu. Beraz, udalari urrats bat aurrera egiteko eskatzen diogu eta derrigortasuna bermatu dezala zabor poltsaren %40a den frakzio organikoaren bilketan. Bestela nola iritsiko gara %60ko birziklatze-tasara 2016an? Bigarren urrats bat ere ematea bultzatu nahi ditugu udal arduradunak: errefuserako edukiontzia ez dadila beste lauak baino eskuragarriagoa izan, ez kopurutan, ez kokalekuan ere.
Auto/auzo-konpostari dagokionez, azken urteetan pausu batzuk eman dira hiru konpostagune eraikitzen hirian baina uste dugu udalak aurreikusita dauzkan auzokonpostaguneen kopurua handitu behar duela, herritarren eskaria eta hiri lurren ahalmena kontuan hartuz. Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu Donostian autokonposta egiteko ahalmena duten 2900 etxebizitzetan materia organikoa bertan kudeatzea .
Azkenik, denok batera burutu behar dugun ibilbide hau errazagoa izan dadin hondakinen kudeaketaz herritarren hitza jaso eta gurea bezalako taldeen ekarpenak jasotzeko batzorde bat sortzea eskatzen diogu udalari.
Donostiako Hondakinen Bilgunea