Hiri normal eta ikusgarria
Arrasateko lagun batek esan izan dit deigarria zaiola Donostian ilara egiteko dugun joera. «Donostiarrak eta zuen ilarak, hori han ez da batere normala». Duela aste pare bat Joseba Sarrionandia izan zen Aieten, eta zera bota zuen Euskal Herriaz: «Jendeak uste du normala dela bertako bizitza, eta ez da batere normala». Ez zen ari ilarez, baina izan zitekeen. Lapurtuko dizkiot pare bat ideia esan nahi dudana esateko. Hasieratik eskatzen dut barkamena, desitxuratzen bazaizkit.
Normalizazioa, Habanako gaukarien arabera, munduan egotearen kostuetako bat da. Mundu handiak uzten dizu bertan egoten, baldin eta modu jakin batean egoten bazara. Hori gertatu ohi zaio herri, identitate eta hizkuntza gutxituari; beltzari, emakumeari edo elbarriari. Maiz, bi kondenen artean hautatu behar: desagertu ala munduak uzten dion moduan munduan egon.
«Integrazio hierarkiko» eta «lanbide lasaigarri» terminoak ere ikasi nituen gaukarietan. «Integrazio hierarkiko» deritzo, gutxi gorabehera, zapaldutakoak zapaltzailearen arau eta egoteko moduak barneratzeari. Hau da, zapalduari uzten zaio munduan egoten nagusiari eroso zaion moduan. Horren kostuetako bat izan dira historian zehar lanbide lasaigarriak: beltzari uzten lan egiten morroia bada, emakumeari etxekoandre bada eta euskaldunari izaten erdaraz bizi bada. Munduak ematen du bertan egoteko lizentzia, ez molestatzearen truk, eta normalak ez diren moduak normalizatzea da kostua. «Eta zapaltzaileen ikuspegia barneratzera eta metabolizatzera kondenatzen da zapaldua» (Sarrionandia, 2019).
Nola dago Donostia munduan? Donostiak, parke tematiko tankera badu ere, gutxi du indigenatik. Munduari bertan egoteko baimena eskatu baino, munduara jauzi egin duela dirudi. Donostia integratu da munduan, bertan bizirauteko baino, munduan ikusgarri izateko. Hiri ikusgarriak hartu ditu normalak ez diren formak, esaterako: Hiriburu Europarra edo Hiriburu Kulturala. Munduan ikusgarri egoteko modu horietako batzuen ordaina da, agian, ilarak normalizatzea. Beste bat, akaso, norbere auzoan zahartzea luxu apetatsua izatearena. Ez dakit hirian zenbat gauza normalizatu ote diren munduan ikusgarri izateko, baina ongi legoke kalte ordainen aurrekontu bat egitea.
Gaukarietan ikasi nuen beste hitz bat da «bibliomantzia». Kiromantzia esku ahurra irakurriz etorkizuna iragartzeko artea da, eta bibliomantzia, berriz, etorkizuna liburuetan iragartzekoa. Donostiaren etorkizuna ere irakur liteke modu bibliomantikoan. Irutxuloko Hitza-n bertan bilaketa labur batek balio dezakete hiri normal eta ikusgarriak normalizatutakoaren kostua aurreikusteko.
«Donostiako Udal Gobernuak abenduaren 21ean onartutako Turismo Olde Handiko Eremuaren mugaketa berrian, Bretxako gunearen barruan dauden saltokiek ordutegi askatasuna izango lukete, eta 2022an eta 2023an igande eta jaiegun guztietan ireki ahal izango lukete» (2022-01-05). «[…] 2021eko publizitate instituzionalaren %93,57 gaztelaniazko hedabideetan jarri zuen udalak, eta %6,43 euskarazkoetan» (2022-03-30). «2015ean, Donostiako Udalbatzarrak ‘etxegabetzerik gabeko hiri’ izendatu zuen Donostia, eta, ordutik, hainbat eragilek ‘isilpeko kaleratzeak’ gertatu direla salatu badute ere (…), asteazkenekoa izan zen 2015etik gertatutako lehenengo etxegabetzea, bere horretan» (2022-03-18).
Hiri ikusgarriaren kostua kalkulatzeko beste bide bat kalemantzia izan liteke: kaleetan irakurtzea etorkizuna. Anormalak behar luketen joera ugari ibili ohi da hiri ikusgarrian, normal normal paseatzen.