Hiri
Abenduko eguna, argitu orduko iluna esaten din esaera zaharrak eta ez zaion arrazoirik falta. Orain ere ilun samar zagon eta zerura begira hire bila hasi naun. Badakin, beti nabilen hire bila, fin edo borobil egongo haizen, edo besterik gabe ezkutuan. Gure ametsak beteko direla sinesteko helduleku bat behar izaten dinagu, eta nik ez zionat inori errezatuko, baina hiri hitz egiten dinat, hiri kontatzen ditinat nire desirak, entzuteko beti hor egongo haizelakoan. Ilargi amandrea, izen hori ere jarri geninan ba egunen batean! Mitologiak esaten din lurraren alaba haizela, eta halere ama eta amona egin haugu, amandre, alajaina! Kasualitatetik gutxi izango din horrek ere. Zer dun, ba, ama edo amona bat, beti hor egongo dena ez bada? Gu ohartzen ez garenean ere gu zaintzen, babesten egotea eskatzen zionagu. Are gehiago, beti hor ez badago ama edo amona txartzat hartzen dinagu, edo mindu egiten gaitun, babesgabe sentitu. Eta esango niken feminista asko ere gure amekiko harremanetan kontraesanetan erortzen garela, hain zeukanagu barneratuta!
Ba, gauza bat esango dinat: Ez dinadala urte berrirako desirarik eskatuko. Nahikoa dun, hik esaten ez badidan, neronek esango dinat: ezkuta hadi nahi dunan guztietan, erakutsidan ez hagoela beti hor eta heu ere bahaizela nor.
Mareak baldintzatzen ditunala jakina dun, baina gure desira, instintu eta umorea ere baldintzatzera iristen haizela irakurri dinat. Eta amandreengan pentsatuz, uste dinat haien mugimenduek ere mareak eragiten dizkigutela. Gure gorputzen seinaleak irakurtzen ez dinagu ikasi, ordea.
Urte berrirako ez dinat desirarik eskatuko, baina ikasi nahiko niken trukean ezer eskatu gabe hiri begiratzen. Horrela soilik ikusiko haut argitzen duenean.