Hiriaren ispilu komertziala
Donostiako kaleetan paseatzen denak nekez ukatuko du azken urteotan paisaia komertziala gero eta homogeneoagoa bihurtzen ari dela. Ez da fenomeno bakarra, ezta hiri honena soilik ere, baina paseatzen dabilenarentzako bereziki agerikoa egiten da. Alde batetik, Europako hiri nagusietan aurki ditzakegun nazioarteko marka berberak ditugu. Bestetik, tokiko arrakasta duten negozioek ere antzeko dinamika jarraitzen dute: auzo batean funtzionatzen duenak, berehala beste bi edo hiru lokal irekitzen ditu hiriko beste punturen batean.
Ondorioz, gero eta errazagoa da etorkizuneko Donostia bat irudikatzea, non auzo bakoitzak bere Adamoko tortilla izango duen, bere kafe berezien lokala eta bere take away eskaintza zabala. Arrakasta komertziala auzo batetik bestera hedatzen da, eta horrek, askotan, homogeneizazio horren alde jokatzen du.
«Biharko moda zein izango den ez dakigu, baina tamalez, niri hainbeste gustatzen zaizkidan bokatek ez dirudi lekurik dutenik paisaia berri honetan»
Fenomenoa ez da ostalaritzara mugatzen. Duela urte batzuetatik hona, azazkalak margotzeko zentro asko ireki dira; ile apaindegiak eta optikak ere barra-barra daude eta, antza denez, kontsumo ohituren moda berriek negozioen tipologia bera moldatzen dute. «Kale bat, Ogi-Berri bat» garaia izan genuen; gaur egun, tostada erraldoiak, espezialitateko kafeak edo hanburgesa zanpatuak dira nagusi. Biharko moda zein izango den ez dakigu, baina tamalez, niri hainbeste gustatzen zaizkidan bokatek ez dirudi lekurik dutenik paisaia berri honetan.
Merkatuaren logikak azaltzen du, neurri batean, joera hau. Hala ere, galdera interesgarria da ea hiri baten nortasuna ere ez ote den galtzen ari erakusleiho guztiak gero eta antzekoagoak direnean, auzo batetik bestera ere, paisaia komertzialek antza hartzen dutenean. Donostiako kaleek bizirik jarraituko dute, baina agian, gero eta zailagoa izango da auzo bakoitzak bere ahots propioa izatea.

