Hiru urtez mobilizatzen pentsio publiko duinen alde
Pentsiodunen gogaitasun orokorraren ondorioz sortu da mugimendua. Izan ere, hainbat urte daramatzagu pentsioak bere horretan daudela edo %0,25eko igoera kaxkarrarekin. 2018ko urtarrilaren 15ean, modu espontaneoan atera ginen plazetara, bai Hego Euskal Herrian, bai Espainiako estatuaren gainerakoan. Herritarren haserrea aditzera emateko gizarte-mugimendu bat sortu genuen, interes eta egoera komunak zituena, toki-esparruan, lurralde-esparruan eta esparru nazionalean antolatuta.
Gizarte-mugimendu orotan bezala, gurean ere bat egiten dute gizarte-kohesioa errazten duten eta mugimendua elikatzen duten alderdiek, hala nola: erreakzio emozional positiboa eta autoestimu kolektiboa sortzen duen kolektibo bateko kide izatearen sentimendua; helburu berberen alde elkarrekin borrokatzearen esperientzia; eta belaunaldi gisa bizipen positiboa izatearen esperientzia, duintasunez borrokatzen ari baikara gure eskubideen alde, guregatik eta etorkizuneko belaunaldiengatik.
Mugimenduari bizirik eustea erronka handia da. Izan ere, gizarte-mugimendu orok bezala, hainbat barne-faktoreri egin behar die aurre, hala nola indar kontserbadore eta aurrerakoien arteko kontraesanei, lortu beharreko helburuen balorazio desberdinei, bete gabeko itxaropenei eta abarri. Baina, badira kanpoko faktoreak ere, besteak beste, pandemia, eta ziurgabetasuna eta segurtasunik eza eragiten duten diskurtso neoliberalen eragina. Dialektika horretan, gure helburu nagusia ahaztu gabe egin behar dugu lan: pertsona guztientzat duinak izango diren pentsio publikoak defendatzea.
Pentsiodunen mugimenduaren lorpenak aipatzean, duten balioagatik nabarmendu nahi ditut. Pentsioak KPIaren arabera eguneratzea lortu da; alargunen soldata erregulatzailearen kalkulua %52tik %60ra igotzea lortu da; Gizarte Segurantzari egotzi behar ez zaizkion gastuak identifikatu eta finkatu dira; eta pentsioen sistema publikoa jasangarria dela frogatu dugu. Egin dugun presioaren ondorioz eskuratu ditugu lorpen horiek.
Hala ere, azpimarratu nahi dut, orobat, Hego Euskal Herriko eta Espainiako estatuko pentsiodunen mugimenduei Toledoko Itunaren gomendio gehienek eragin diguten etsipen handia, pentsioak murrizteko xedapen zaharrak sendotzen eta sakontzen dituztelako eta pentsio-plan pribatuak bultzatzen dituztelako, diru publikoarekin, pentsioen sistema publikoa ahulduta. Ikusten ari gara 2011ko urtarrileko argazki bera prestatzen ari direla. Langileek eta pentsiodunen kolektiboak atzera bota zuten urte hartako erreforma, eta horren aurka borrokatzen jarraitzen dugu, berori indargabetzeko helburuarekin. Kezkagarria da gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzea aurreikusi ez izana, igoera horrek ahalbidetu egingo bailuke pentsioetan dagoen genero-arrakala %37tik %3ra jaistea.
Pentsioen erreforma berri bati egin behar diogu aurre, murrizketa handiekin. Urteetan zehar, protesta eta greba ugari egin dira pentsio publiko duinak defendatzeko. Borrokan jarraituko dugu gure aldarrikapenak bermatzeko behar diren lege-aldaketak egin daitezen. Eta, ildo horretatik, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak mobilizazio orokorra deitu du otsailaren 13rako, eta gizarte osoa mobilizazio horretan parte hartzera gonbidatzen dugu.