Hitz egin dezagun gure generoaz
Espainiar Estatuan Trans Lege Proiektuaren zirriborroa aurkeztu zenetik, dantzan dabiltza, besteak beste, genero araua, genero identitatea edo genero (auto)determinazioa bezalako kontzeptuak.
Generoa bizi dugun sistema iraunarazteko sortutako kategoria dikotomikoa da, «natural» zein «normal» gisara mozorroturiko rol batzuk ezartzen dizkiguna, eta dikotomia horretan esleitzen zaigun muturraren arabera, pribilegio batzuk aitortu edo subalternitate egoera batean kokatzen gaituena.
Esan bezala, Trans Legearen bueltan, asko hitz egin da generoaz, besteak beste, lege honek generoa autodeterminatzeko eskubidea ekarriko lukeelako. Hau horrela, zenbait ahots honen aurka azaldu dira, feminismoaren helburu nagusietako bat generoaren abolizioa izan beharko litzakeela aldarrikatuz. Helburu horrekin bat egiten dudan arren, kezkagarria iruditzen zait eztabaida orain piztu izana, trans pertsonen eskubideen bueltan gabiltzanean.
Badirudi, generoa trans gorputzetan besterik ez dugula ikusten, eta gainera, genero arauak erreproduzitzea egozten diegu; hau harrigarria bezain okerra izanik. Ahaztu egiten zaigu, denok dugula genero identitatea (izan pertsona trans edo zis-a), eta genero arauak guztioi eragiten digula. Zer uste duzu, zuk ez duzula generorik ala?
Are gehiago, esango nuke zis pertsonak garela generoa zuhurren erreproduzitzen dugunak, hau inolaz ere zalantzan jartzen ez dugunak, eta gainera, askatasun osoz eta kontrakorik gabe performatu dezakegunak. Kasu gehienetan, guztiz asumiturik dugu ezarri zaigun kategoria, eta ahalegin gutxi egiten dugu hortik askatzeko, horrela genero sistema elikatuz. Eta ondorioz, molde horietatik kanpo gelditzen direnen aurkako biolentziak iraunaraziz.
Has gaitezen, beraz, generoarekin bukatu nahi badugu, gure buruak errebisatzetik. Onar ditzagun trans bizitzen eskubideak, eta ez ditzagun normaren erantzule egin normatik at gelditzen diren horiek.