Hizkuntzak egiten gaitu
Herriak euskararen alde borroka egin izan ez balu, euskara ez litzateke existituko gaur egun hizkuntza moderno moduan. Guk ez daukagu botererik, estaturik, nahi dugun hizkuntza ezartzeko gizarte edo komunitate batean.
Alderdi ona bada gure hizkuntzaren existentziarako hizkuntza herriaren eskuetan egotea, ez da ona estaturik ez izatea etorkizunean bizirik segitu nahi badu, behinik behin.
Mundura irteterakoan konturatu nintzen nagusi ez zen beste hizkuntza bateko kide edo pertsona nintzela, ez nintzela mundu gehiena zen bezalakoa, mundu desberdin batekoa nintzela, beste gutxi batzuen moduan, hau da, nire mundua euskara zela, euskalduna nintzela; azken finean, ni euskara nintzela. Eta euskara banintzen, nire identitatea zutenekin batera nintzela komunitate batekoa.
Euskara herriaren identitatea da, alegia, nire identitatea, eta identitate hori gabe ez dago Euskal Herririk, eta independentziarik gabe ez dago Euskal Herririk, botererik gabe ez dago etorkizunik. Adibidez, une honetan Espainiako eta Frantziako epaileek erabakitzen dute noiz, nola eta non erabili dezakegun gure hizkuntza. Hau da, beste modu batean esanda (nazionalista, kolonialista eta inperialista), nakolonista batzuen menpe gaude, nire lagun batek esaten duen moduan. Geu ere nazionalistak gara, baina herri zapaldu batekoak eta, aldi berean, internazionalistak.
«Euskara herriaren identitatea da, nire identitatea, eta identitate hori gabe ez dago Euskal Herririk, eta independentziarik gabe ez dago Euskal Herririk, botererik gabe ez dago etorkizunik»
Noiz konturatu nintzen euskaldunok ez genuela botererik? Eskolara joan nintzenean, nire hizkuntza ez zen beste hizkuntza batean hitz egiten zidaten, eta ezagutzen ez nuen eta nirea ez zen hizkuntza batean hitz egiteko eta idazteko esaten zidaten. Hemen, gaur egunean, seme-alabak St. Patrick’s English Schoolera eramaten dituzte guraso batzuek, baina, guraso horiek egiten duten aukera bat da; gurea ez zen izan aukera bat.
Gainera, hemen, Katalunian ez bezala, bertako jauntxoak, burgesak, salbuespenek salbuespen, inoiz ez dira izan euskararen alde jokatu dutenak. Hemengo burgesia erdaltzalea izan da nagusiki. Nire memorian, behinik behin, horrela izan da. Euskararen erabilpenarengatik, euskararen jabea herri xehea izan da. Euskara herriarena izan da eta da. Horregatik, euskararen aldeko defentsa lotuta egon da abertzaletasunarekin eta mugimendu sozialarekin.
Eta, orain, 1970eko hamarkadan bezala, aldaketa garaian omen gaude, eta erronka berrien aurrean. Azkenaldian, zenbait arlotan aurrera egin dugu; atxikimenduan, esate baterako, baina beste arlo batzuetan, gaitasunean eta erabilpenean, ez. Gaitasuna eta erabilpena erronka nagusiak ditugu, etorkinez betetako Euskal Herri berri honetan. Ea asmatzen dugun.
