Hurbil duguna, ezezaguna
Donostiarra naiz. Historialaria ere bai. Eta, hala ere, askotan pentsatzen dut: “Nola da posible hau ez jakitea?”. Hauxe da, hain zuzen, IRUTXULOKO HITZAren Atzera begira atala ikusten dudanean behin eta berriro gertatzen zaidana. Gure hirian bertan gertatutako pasarteak dira, egunero zapaltzen ditugun kaleetako gertakariak, eta, hala ere, asko eta asko oso ezezagunak egiten zaizkigu oraindik ere.
Paradoxikoa da. Historialariok artxiboetan orduak ematen ditugu iraganeko gertakariak ikertzen, baina herritar gisa, oro har, ohiturak itsutu egiten gaitu eta gutxitan galdetzen diogu geure buruari ea zer dakigun bizi garen lekuari buruz. Zenbat aldiz pentsatu dugu zergatik dagoen monumentu bat leku jakin batean, zer gertatu zen kale baten izenaren atzean edo zein istorio ezkutatzen den egunero zeharkatzen dugun txoko batean.
Horregatik iruditzen zait hain baliotsua Atzera begira-ren moduko atalak egitea. Ez dira iraganari begiratzeko ariketa nostalgikoak; gure hiria hobeto ulertzeko tresnak dira. Historia ez baita iraganari buruzko jakintza hutsa. Gaur garena azaltzen duen hari ikusezina ere bada.
«IRUTXULOKO HITZAren leloa, ‘Mundu osoa da tokikoa’, ez da esaldi egoki batera mugatzen. Gogorarazten digu mundua ulertzeko ez dela beti urrutira begiratu behar»
Gainera, badu beste bertute handi bat: historia akademiaren hormetatik atera eta herritarren eskura jartzean datza. Hizkuntza ulergarrian, formatu erakargarrian eta, askotan, minutu gutxitan. Dibulgazio ona ez baita historia sinplifikatzea; historia partekatzea baizik.
IRUTXULOKO HITZAren leloa, Mundu osoa da tokikoa, ez da esaldi egoki batera mugatzen. Gogorarazten digu mundua ulertzeko ez dela beti urrutira begiratu behar. Batzuetan, nahikoa da gure ingurura beste begi batzuekin begiratzea. Izan ere, gure kaleek, gure plazek eta gure eraikinek kontatzeko askoz gehiago dute, guk askotan dakiguna baino. Eta hori ezagutzea ere komunitate bat eraikitzeko modu bat da. Eta komunitate hori dagokion gertakari historikoetan txertatzea.

