Ikaslearen indarra
Ikasturte honetan Ikasle Batzordean nago, eta ez, ez naiz ikaslea, irakaslea baizik, baina ohorez bizi dut Oriarte Institutuan ikasle artean denboratxo hori igarotzea. Ikaslez inguratuta, matematika alde batera utzi, eta bizi dituzten kezkak entzun eta irtenbide egoki bat eman asmoz.
Zaila behar du ikasle izan eta irakasle pare bati zer aldatu nahi duzun helaraztea. Bereziki normalean gu garelako, gure posiziotik, egin eta aldatu behar dutena esaten dugunak. Sarri, askotan, gehiegitan, oso maiz, hanka sartzen dugulako.
Baina nire harridurarako, tartea ematen diegunean, eta espazio eroso bat eskaintzen dugunean, ematen da prozesu hori.
Ikasleek eskola aldatu nahi dute. Dudarik ez da. Gurean, komun mixtoak eskatzen dituzte, besteak beste, eta poliki bada ere, ari gara bide horretan. Gaur egun, ez baitu inolako zentzurik mutil edo nesken komunak izatea, are gutxiago bi generoen ikuspuntua atzean utzi nahi badugu.
Baina egin dugun lehen bilkura Azaroak 25a prestatzeko izan da. Atzoko ditxosozko eguna. Urtero «ospatzen» dugun indarkeria matxistaren aurkakoa. Eta zer nolako sorpresa jaso dudan. Ordubetez aritu ginen dinamika ezberdinetan zer landu baino, nola landu aztertzen. Izan ere, azken urteotan irakasleak hartu du lidergoa egun honetan, eta goitik beherako formakuntza saioak bideratu ditu institutuan. Mimoz prestatu ditugun saioak ez dira horren ondo baloratu ikasleengatik.
Ez al da hezitzaileagoa ikasleek antolatzen badute? Izan ere, beraien kezkatik ateratzen bada, ez al diote probetxu handiagoa aterako? Onena beraiei galdetzea izan da. Eta erantzuna «harreman toxikoak» izan da. Hau da haien kezka. Ba hauxe landuko dugu. Postontzi bat jarri genuen, eta bizitako edo ezagutzen dituzten harreman horiek azaldu dizkigute modu anonimoan, eta literatur tailerrekoek egin dute eskola guztiarentzako bideo bat. Ze polita!
Irakaslea naiz, baina zenbat ikasten dudan ikasleengandik! Ea eskola hobeago bat sortzerik dugun. Hauen ekarpen eta konpainiaz bidea errazagoa da, eta ziur aurrera egingo dugula. Izan ere, aurrera ez doana atzera doa, eta ikasleen indarraz mendiak mugitu daitezke.