Ikusezin bihurtu
Aurrekoan, senide bati loreak eskaintzera joan nintzen Polloera, eta 85 urteren ondoren sarreran dagoen frankisten monumentua oraindik han ikustea gauza harrigarria iruditu zitzaidan.
Gurutzean honako hau jartzen du : “A la memoria de los asesinados por defender sus ideales de Dios y España. Una oración por sus almas”.
Egoera negargarri honen aurrean, historian eta heziketan lanean gabiltzanok, eta, oro har, herritarrok ardura bat dugula etorri zait burura. Izan ere, zenbait sektorek adierazi duten moduan, Memoria Historikoaren Legea aplikatuz gero, gurutze horrek dagoeneko kenduta egon beharko luke. Baina ez da halakorik egin.
Are harrigarriagoa izan zen nire aurkikuntza, ezen azaroaren 2a izanik, militarren, guardia zibilen eta polizien segizio bat joan zen monumentura, loreak uztera. Gero jakin dut bisita makabro hau urtero egiten dutela.
Urte osoan zehar fundazio bat arduratzen da monumentuaren zaintzaz, eta faxistei lore eskaintzarik ez zaie falta. Monumentua ikur frankista bat da, Iturrino anaia falangistak eta 1936ko kolpistak ohoratzen dituena. Iñaki Egaña historialariak beti pentsatu izan du gurutze horren azpian 1936ko fusilatu errepublikarren gorpuzkiak aurki daitezkeela, eskarnioa handiagoa izan dadin, espresuki. Ikerketa baten arabera, 2008tik 2011ra bitartean, Donostiako Udalak hilerria eraberritu zuen, eta hobi komun nagusia suntsitu zuen, hiriaren defentsan borrokan hildako milizianoen gorpuzkiekin (1936ko uztaila-iraila). Gorpuzkiak Hezurtegi Nagusira bota zituzten, inolako komunikazio ofizialik gabe eta hiriko memoria historikoaren elkarteei jakinarazi gabe.
Gertaera hau bereziki larria da, ustez hor dauden milizianoei, haien familiei, begirune eta memoria eskubidea dagokielako.
Horren ordez, ez da ezer egin, eta historiaren pasadizo hori ikusezin bihurtu dute. Zergatik?
Gure ustez, Donostiako herritarrek eta bertako udalak jardun integrala egin beharko lukete, memoria historikoaren eremuari dagokionez, Polloeko hilerrian, duela gutxi Bilbon egin den bezala.
Gure aburuz, hausnarketa batzuk ditugu gure zereginetan, orain arteko hutsuneak betetzeko.
Zergatik onartzen dira oraindik monumentu frankistak? Fusilatuen gorpuzkirik dagoen ikertu behar da, eta eginkizun hauetarako Aranzadi elkartea da instituzio egokia. Bestalde, hondatutako hobiari edo hobiei buruzko ikerketa abiatu behar da. Eta, bukatzeko, 1936an Errepublikaren askatasuna eta legezkotasuna defendatuz hil zirenak bisibilizatu behar ditugu.