Inbutuaren legea espazio publikoan: hipokresia politiko-instituzionala eta aporofobia
Dirudienez, Donostiako Udaleko alkateak elkartasun komunitarioan aurkitu du bere etsai publiko berria. “Segurtasuna” bermatzeko eta kaleetan ordena gordetzeko aitzakiarekin, alkateak kalean ozta-ozta eta nekez bizi direnei zuzendutako afari solidarioak debekatzea erabaki du.
Kontakizun ofiziala zaharra bezain aurrez ikus daitekeena da: janari plater bat zuzenean lotzea delinkuentziarekin, lapurretekin, istiluekin eta espazio publikoaren ustezko degradazioarekin, auzoa haserrearazi egiten duena, antza. Zigor diskurtso horri koartada teknikoa gehitu zaio orain: janariaren banaketa “osasun-arazo” gisa aurkeztea, elikagaien higiene edo trazabilitate faltan oinarrituta.
Maniobra politikoan benetan adierazgarria dena ez da udal txostenek diotena bakarrik, ezkutatzen eta aipatzen ez dutena baizik. Debekua dekretatzeko, alkateak Udaltzaingoaren, Espazio Publikoaren eta Osasun Publikoaren irizpenak erabili ditu. Udaleko Udalaren beraren Gizarte Ongizate Sailak egindako txosten baten arrastorik ez, lerro bakar bat ere ez. Ikaragarria bezain sintomatikoa da: muturreko gizarte bazterkerian dauden pertsonei buruzko erabakia hartzeko, poliziari eta osasun ikuskatzaileei kontsulta egiten zaie, baina gizarteratze- eta esku hartze- teknikariak isilarazten dira.
Hala ere, nahikoa da edozein arratsaldetan Parte Zaharrean paseatzea konturatzeko espazio publikoa ez dela hondatzen ezer ez daukanari janaria banatzeagatik. Erakundeen hipokresiak eta arauen aplikazio selektiboak hondatzen dute. Lotsagarria da ikustea agintariek nolako sestra bikoitzarekin neurtzen duten gizalegea hirian. Herritarren enpatia zorroztasun polizial eta administratiboaz jazartzen den bitartean, Udalak beste aldera begiratzen du turisten eta ostalarien etengabeko arau-hausteen aurrean:
Muturreko gizarte bazterkerian dauden pertsonei buruzko erabakia hartzeko, poliziari eta osasun ikuskatzaileei kontsulta egiten zaie, baina gizarteratze- eta esku hartze- teknikariak isilarazten dira.
– Turisten ilara amaigabeak, artatuak izateko zain, asko bide publikoan, lurrean kontsumitzen ari direla, denon espazioa okupatzeagatik kontrolik eta zigorrik gabe, gure kaleak de facto terraza erraldoi bihurtuz.
– Ostalaritzaren aldeko tratua: entzungor gaueko zarataren gehiegikerien aurrean, kaleetan zaborrak neurriz kanpo pilatzearen aurrean, ordutegiak ez betetzearen aurrean, fatxadetan elementuak baimenik gabe jartzearen eta bide publikoaren pribatizazio oldarkorraren aurrean.
– Bulegoetako irregulartasunak: nahita tiraderan zehapen-espedienteak atxikitzen dituzten zinegotziak, sektore instituzional eta sozioekonomiko boteretsu jakin batzuei jarritako isunak ez sinatzeko.
– Permisibitate susmagarria: barne-txosten ofizialak, CVAIPen eta Arartekoaren ebazpenak bazter utzita; irregulartasun horiei buruzko bidezko auzo salaketek paperontzian amaitzen dute, edo denboran atzeratuta.
“Legez kanpokoa” zer den, “arau hauste” administratiboa zer den edo “udal-ordenantza bat ez errespetatzea” zer den bereizten duen kontzeptu ildo fina aitzakia burokratiko hutsa bihurtu da. Ke gortina egoki bat, neurri horren atzean benetan dagoena ezkutatzeko diseinatua: klasismoa, elkartasunik eza eta aporofobia nabarmena.
Udal araua modu asimetrikoan erabiltzen denean —gogorra eta zigortzailea babesgabearen aurka, adeitsua eta itsua irabazi ekonomiko pribatuarekiko—, arauek eta ustezko legezkotasunak bizikidetza-tresna izateari uzten diote, eta segregazio-tresna bihurtzen dira.
Etxerik gabeko jendearen elikadura administrazio hutsegite edo osasun arrisku gisa tratatzeak ez du bazterketa konpontzen; pobrezia ikusezin bihurtzen du soilik, hiriaren postal turistikoa deserosoa gerta ez dadin. Elkartasun hipokrita. Lesbosen edo Adarraren puntan, bai. Gure kaleetan, ez.
Donostiak ez du kalean afaltzen dutenek eragindako segurtasun falta edo osasungarritasunaren arazorik; duintasun politikoko arazoa du, agintariek ogitarteko solidarioa jazartzea aukeratzen dutenean, boteretsuaren arau haustea babesten duten bitartean.

