Inertziak apurtuz, animalien askapenerantz
Urtero bezala antiespezistok indarrak bateratzeko bidea bilatu dugu, ez inertziagatik baizik eta inertziarekin apurtzeko. Indibidualismoan eta bake sozialean sakontzen eta itotzen ari den gizarte honetan antolatzea gero eta zailagoa egiten zaigu mugimendu sozialetako taldeoi. Hori gutxi ez eta errepresioaren kolpeak etengabeak dira (izan milaka euroko isunak gazte esparruko taldeei, izan debekuak afari solidarioei…).
Baina horretaz aparte (edo horrekin erlazionatuta) beste inertzia kaltegarri bat dago sisteman: bizitzaren aurkakoa. Gure izaera zaurgarria agerian uzten dutenek edo inguruan eragiten ditugun kalteak ikustarazi nahi dituztenek inertziarekin apurtzeko gorputza jartzen dute. Eta gu ere gorputza jartzeko asmoz gabiltza, azaroaren lehena eta arazoak arazo, urte osoan zehar. Gorputza jarriko dugu animalien gorputzak gure egin ditugulako. Haien bizitzak bizitzeko modukoak ez direlako.
Espezismoaren kalteak mahai gainean jarri nahi ditugu, gizakiz besteko animaliak objektu bilakatu ditugulako. Apaingarri bilakatu ditugu akuario edo zooetan. Gure ikuskizun bortitzetan (zezenketak eta halakoak) parte hartzera behartu ditugu. Gure plazera asetzeko giltzaperatu, erasotu eta erail ditugu. Beganismoaren eguna deituriko honetan aipatutako bi inertzia horiei aurre egingo diegu: bizitzaren aurkako inertziari eta indibidualismorako joerari. Kolektiboan antolatuz eta borroka komunitatea sortuz animalien askapena lortzeko pausuak emango ditugu. Koherentzia edo borroka ez direlako “aukera pertsonala” edo “bizitza estiloa”, horregatik animalien defentsaren zentzu politikoa indartu behar dugu. Aldi berean mugimendu sozialen agenda politikoan gizakiz-besteko animalien problematika barneratu behar dugu sistemaren matazan hari-mutur asko daudelako korapilatuta eta askatasunaren bidean guztiak askatu behar ditugulako.
Tradizioari traizio egiteko eta inertziak apurtzeko, borrokarako ohitura indartuko dugu. Azaroaren lehena gizakiz-besteko animalien ahotsen bozgorailua izan dadin… bidea borrokari esker egingo dugu. Animalien askapena lortu arte!