Ingurumena
Inor inoiz unibertsoa antolatzen ibilia bada, ez zigun mesede handirik egin. Ez, behintzat, Lur planetako bizidunoi. Hemen bizirauteak lanak eta nekeak ditu, eta ez nolanahikoak.
Halere, gizakiok gainerako bizidunen aldean pribilegiatuak garela esan daiteke. Izan ere, adimenak ahalbidetzen digu baldintza hobeetan aurrera egiten. Baina bidea ez da inoiz batere samurra izan, eta halakoxea da egun ere. Ikusi besterik ez dago mundu mailan zenbat «krisi» ditugun, denak ingurumenaren hondamenarekin estuki lotuak: klima aldaketarena, energiarena, urarena, lehengaiena, zaborrarena, plastikoena, bioaniztasunarena, harearena… Hainbeste krisirekin garbi dago azkenaldian hartu dugun bidea ez dela egokia, zerbait aldatu behar dugula. Zer, baina?
Zientzialariak argi mintzatu dira: ezin dugu garapen erritmo honekin jarraitu. Hau da, mugikortasuna eta kontsumo maila gutxitu behar ditugu, eta, horretarako, ohiturak aldatu. Lan zaila, inondik ere, eratu dugun jendartearen inertziaren handia kontuan hartuta.
Ozen bota zuen irrintzia Greta suediar gazteak, eta itxaropena piztu zen bazterretan, gazteen oldarraldia ikusita. Baina zer egin dute? Agintariei «neurri eraginkorrak» hartzeko exijitu. Ederra ekarpena! Ez dute esan prest daudela neurri horiek ekar lezaketen gure ongizatearen atzerapausoa onartzeko. Haiek ez, baina berehala altxatu dira gizarteko hainbat sektore gauzak garbi uzteko: ingurumenaren aldeko neurriak dugun bizi kalitatea kaltetu gabe gauzatuko dira, edo ez dute bide luzerik egingo. Eta politikariak beldurtuta. Seguru Frantziako presidente Macron jaunak oraindik ere Txaleko Horiekin amesgaiztoak dituela.
Herritarrok zertan gabiltza? Salbuespenak salbuespen, lozorro goxoan, ezer gertatuko ez balitz bezala, betikoa egiten.
Agintariek aldaketaren beharra garbi dakusate, baina balizko ondorio sozioekonomiko txarren beldur dira, eta ulertzekoa da. Ondorioz, hor dabiltza hein handi batean beteko ez diren epe luzeko planak egiten. Aitortu behar zaie, orobat, uzkur eta indarge bada ere, aurrerapausoak ematen ari direla, araudiekin eta diru laguntzekin. Horien ondorio dira enpresari askoren ahaleginak egoera berrira egokitzeko, eta emaitzak tantaka ari gara ikusten. Beraz, ibili badabiltza, baina astiro, mantso.
Eta herritarrok zertan gabiltza? Salbuespenak salbuespen, lozorro goxoan, ezer gertatuko ez balitz bezala, betikoa egiten. Ezein aldaketarako jarrera benetan antzua. Egiari zor, gu ere ari gara zerbait egiten: led bonbillak, A motako etxetresnak… erosten, lehengoaren aldean bizikletak eta garraio publikoak maizago erabiltzen… Denak onura ekonomikoa dakarten ekintzak, bestalde. Hortaz, nik ez dut hor meritu handirik ikusten.
Esaiozu baten bati ez bidaiatzeko, aisialdirako motordun ibilgailu partikularrik ez erabiltzeko, plastikozko poltsak berrerabiltzeko, osasun arazorik izan ezean eskailerak oinez igotzeko, berogailuarekin hogei gradutik gora ez pasatzeko, ur kontsumoa murrizteko… eta popatik hartzera bidaliko zaitu. Dena kolpetik ez, pixanaka joateko esaiozu gero, eta txakurren ipurdia aipatuko du.
Kontzientziazio maila eskasa dugu. Astiro goaz oso. Denbora aurrera doa, eta otsoaren belarriak gero eta ageriago agertzen zaizkigu.