Inoiz baino konektatuago, inoiz baino urrutiago
Etxetik 100 kilometrora lan egiten duen Lehen Hezkuntzako 4.mailako irakaslea naiz. Taldean hemezortzi ikasle ditut, horietatik hamazazpik posta elektronikoa dute. Ez duen horrentzat, zailtasun handiko ikaslea, lan pixka bat prestatu genuen eskola itxi baino lehen. Eta gainerakoak, zer?
Egunero bidaltzen dizkiet lanak, animoak, erronkak eta kantak, hezkuntzaren barruan zati garrantzitsua den harremana eta maitasuna bermatze aldera. Lortzen dut pantaila bitarteko edukita? Zalantza dut…
Zalantza gehiago. Zertan ariko da Ahmed? Ez dut bere berririk. Posta elektronikoa badu, baina Interneterako konexioa etxean? Ondo daude? Gaixorik? Nola moldatzen ari da etxean, eskolan jasotzen duen hizkuntza errefortzurik gabe? Bere irribarrea eta besarkadak sumatzen ditut faltan. Ea bihar deitzen diodan.
Leire herri txiki batean bizi da: lau kideko familia du, haietako bat gaixo kronikoa da. Ez dut haien berririk. Erantzunik ez. Ulertzeko erraza: ama lan eta lan egun osoan. Egon daitezela ondo, eta eskolak itxarongo du.
Irudi ofiziala ederra da, umeak ordenagailu aurrean lanean: «lehen munduko» haurrak. Hau ez dator bat euskal eskola publikoaren errealitatearekin.
Osasun eta zaintza krisi honek badu klasearekin lotutako kontu bat, eta zaurgarrienak zaurgarriago bihurtzen ditu. Lanerako hamaika app eta webgune. Bitartean, familia horiek ezin konektatu, ezin ezagutu, ezin ikusi, ezin ikasi… Hor dago arrakala digitala, klase soziala, etxean konektatu eta konektatu gabe gaudenon arteko aldea. Harreman afektiboak mantentzen saiatzen garenon eta ezin dutenen arteko distantzia. Kideei esan nien bezala, ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara…