Insomnioa, besteak beste
Goizeko ordu txikitan begi bat ireki duzu, eta akabo: orduak dituzu aurretik buruhauste guztiak konpontzeko. Ziur naiz badituzula aproposagoak izan daitezkeen eguneko beste ordu batzuk mundua konpontzeko, baina zure insomnioak agerpen kemena egitea erabaki du eta maindire artean etzan da, zure alboan.
Bigarren aukera bat dago: gauaren hasieran, ohean sartzen zaren unean, gerta daiteke, baita ere, zure burmuina aktibatu egiten dela eta loak, insomnioarengandik eskapatuz, leihotik ihes egiten duela, beste norbaiten logelan ezkutatuz. Badituzu dagoeneko begiak hontzarenaren antzerakoak, eta insomnioa mesanotxean dago, zuri begira.
Azkenik, badago niri gertatzen zaidan azken adibide bat, eta zuri ere gertatu zaizulakoan nago: lo hartzen ari zaren unean bertan, motzegiak diren segundo horietan, plast! Gaueko kamioiaren zaratarekin gertatzen den moduan, insomnioak kolpez esnatu zaitu, gutxien espero zenuen momentuan.
«Insomnioa izateko arrazoia ezezaguna da askotan, baina, nire kasuan, oraingoan, argi dut zerk sortzen didan hainbesteko ezinegona»
Nerabe nintzenean ere gertatzen zitzaidan, baina nire bakardade momentuaz disfrutatzeko baliatzen nuen insomnioa. Nire etxea txikia zen, eta bost lagun justu samar sartzen ginen. Gustura, baina justu. Hortaz, etxe horretan bakarrik egotea gutxitan gertatzen zen luxu bat zen, eta gauak, niretzat, preziatuak ziren.
Gaur egun, burua berdin dut aktibatuta, baina nekatuago eta estresatuago amaitzen dut eguna. Osakidetzak pasa den udan argitaratu zituen datuen arabera, helduen %10-15ak insomnio kronikoa du (hiru hilabetez jarraian), eta %25-35ak noizbehinkako insomnioa edo insomnio iragankorra pairatu du, egoera estresagarrietan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!
Insomnioa izateko arrazoia ezezaguna da askotan, baina, nire kasuan, oraingoan, argi dut zerk sortzen didan hainbesteko ezinegona: Gabonak aste gutxitara; nire egoera ekonomikoa iazkoa bezain prekarioa eta alokairua, aldiz, garestiagoa; proiektu berriak edo betiko proiektuen aurrerapausoak; harremanetan sortzen diren gatazkak; nire lagunen arazoak; nire gurasoen zahartzaroa; Trump, Milei edo Netanyahu edo hirurak elkarrekin; monogamia eta ez-monogamia eta amatasuna eta ez-amatasuna, besteak beste. BESTEAK BESTE.
Batzuetan, insomnioa izaten dut. Eta zuk?


