Iraila
Amaitu da oporraldia, eta udazkenaren hats freskoa sentitzearekin batera itzuli gara errealitate gordinera. Uda igaro da, eta martxoan bezain galduta sentitzen gara, baina dagoeneko etxean ezkutatzeak ez du balio; helduok lanera itzuli behar dugu, eta haurrak, ikastetxera.
Bitartean, osasun langileek abisua eman dute; berriz ere hasi dira saturazio puntuak sumatzen. Zeren eta pandemiak atzeratutako operazioak, kontsultak, jarraipenak… denak pilatu zaizkie, bizitzak ere aurrera egiten duelako, eta badirelako zaintza behar duten bestelako gaixotasunak ere.
Irakasleak ere beldur dira, haiengan utzi dutelako gobernuek ikasturte aldrebes honetatik onik irteteko ardura guztia. Gurasoek ziurgabetasun handiz bidaliko dituzte haurrak ikastetxera; aiton-amonak bisitatzeari utzi beharko ote diote? Aiton-amonek erresidentzian jarraitzen dute isolaturik, noizko horrenbeste behar duten besarkada hori?
Pandemiak oso-osorik irentsi gaitu, eta sei hilabete ondoren hasieran bezala gabiltza, zer egin ez dakigula. Baina sei hilabete igaro ditugu giza kontaktua saihestuz, kalean, familian, lagunartean beldurrez, azal gosez. Errebroteen arduradun bilakatu gaituzte hiritarrok, eta errudun sentipen horrekin garbitu dituzte eskuak normaltasun berria eraikitzeko gai izan ez direnak.
Ostalaritza eta turismoa salbatzea izan da udako helburu nagusia, beste guztiaren gainetik; eta hala, irailean sartu gara, itxialdian horrenbeste laudatu genuen kultura hilzorian utzi dugularik.
Hilabete berezia da iraila Donostian; Zinemaldiaren hila, da, izarrena, filmena, nazioartera irekitzeko garaia. Aurten hankamotz ibiliko da jaialdia, bertako langile finei esker edizio txukuna izango dela sumatu dezakegun arren. Baina Musika Hamabostaldia eta Jazzaldia bezala, nahikoa egin ote da hiriaren kultur ikur diren ekimenak babesteko?
Dudek eta zalantzek aztoratu dute iraileko itsasoa; hau luzerako doa, eta nekea nabari da guztiongan. Musukoen atzean aurpegi gero eta goibelagoak nabari ote dira? Ezin jakin, hamar egunez koarentena egitera behartu naute eta.