Irailaren 13a berriro, betiko panoramarekin
Irun erori zenetik, Donostiaren zortea erabakita zegoen, eta denbora kontua zen hiria tropa frankisten eskuetan geratzea. Geroago, beste herri eta hiri batzuek ere antzeko zoria izango zuten, eta ezagutu beharko zuten gure herriak, Donostiak, «Por Dios y por España»-koen eskuetatik ezagutu zuen sarraskia. Espetxeratuak, exiliatuak, bere eskubide eta jabego ekonomikoetan lapurtuak, bere lanpostuetatik egotziak, eta batez ere, erailak, fusilatuak, laurehundik gora, izan ziren sarraski horren giza kalterik nabarmenenak. 1936ko irailaren 13tik aurrerako garaia izan zen gure herriak, Donostiak, eta, oro har, Euskal Herriak inoiz ezagutu zuen gogorrena eskubide pertsonal eta kolektiboen urraketari dagokionez. Oraindik ere asko dira hondamendi horren ondorioekin lotura duten donostiarrak. Frankismoaren krimenen ondorenak ez dira, inola ere, ahaztuta dagoen, edo are gutxiago ahaztu behar den zerbait, batzuek nahiko luketen bezala.
Data hau, Irailaren 13a, hurbiltzen denean garai egokia da frankismoaren errepresioarekin eta Memoria Demokratikoarekin erlazioa duten gaiak aztertzeko.
Frankismoak ekarri zuen Giza Eskubideen bortxaketa masiboaren aurrean, gure artean planteatzen diren neurriak, kasu hauetarako mundu osoan eta modu estandarrean, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko garantiaren inguruan gauzatzen dira. Neurri horien artean eta zutabe nagusi moduan, Espainiako Estatuan onartzear dagoen Memoria Demokratikoaren legea dago. Aurreko Memoria Historiko legea guztiz nahikoa ez bazen ere, berriaren egitasmoaren ezagutzen ditugun xehetasunak ez dira lasaitzeko modukoak. Justizia eraginkorra lortzeko, hau da, frankismoaren krimenen arduradunak auzitegietara eramatearen aurrean 1977ko Amnistia Legeak jarraitzen du oztopo izaten. Lege hori eta Espainiako Estatuaren «batasun sakratua» dira bi zutabe ukiezinak Estatuaren ordenamendu juridikoan eta batzuk berriro estatu kolpe emateraino prest leudeke bi zutabe horiek arriskuan ikusiko balituzte. Ondorioz, gelditzen den justizia bakarra justizia morala da. Eta hori ere zalantzan dago, epaiketa frankistak guztiz ezabatzeko edo sinbolismoz beteta dagoen Erorien Haranari bere kutsu frankista erabat kentzeko dauden zailtasun objektiboak ikusten baditugu.
Puntu hauek guztiek zerbait adierazten dute: frankismo soziologikoaren presentzia sakona eta ideologia horren pisu gogoangarria gaur egungo gizartean. Eta pisu hori, jatorri frankista duten alderdi politikoek, hau da, nagusiki PPk eta Voxek ordezkatzen dute. Alderdi horiek ez dira bere ageriko lotura ideologiko (eta biologiko) frankistengatik gizarteak batere interpelatuak sentitzen. Arazorik gabe ibiltzen dira benetako justiziari oztopoak ipintzen, frankismoaren krimenen inguruan planteatzen diren neurri aurrerakoiei etengabe zailtasunak jartzen.
Lehen, kutsu frankista duten alderdiekiko gizartearen interpelazio falta planteatzen nuen. Zirkunstantzia hau ezin nabarmenago agertzen da gure herrian izan diren beste indarkeria-mota batzuek jasotzen duten tratamendua kontuan hartzen badugu. Horren erakusgarri da ETAren indarkeriagatik ezker abertzaleari talde politiko batzuetatik egiten zaion interpelazioa. Ezker abertzaleari etengabe barkamena eskatzeko beharra eta atzera begirako autokritika egiteko beharra exijitzen zaio. Bitartean, Francoren ministro ohiek eta bere erregimen kriminalarekin lotura zuzena zuten politikariek sortutako alderdi bat, PP, lasai asko dabil gure artean benetako alderdi demokratikoa balitz bezala, inongo presiorik sentitu gabe.
Aurreko panoramari beste zertzelada emateko, Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroak ETAk hildako Meliton Manzanas polizia frankista eta torturatzaile ezaguna, «polizia inspektore» moduan definitzen du, bestelako konnotaziorik gabe. Gero batzuk harrituko dira frankismoaren ideologia gure artean osasuntsu izateaz. Bide honetan Carrero Blanco azkar agertuko zaigu «arrantza atsegin zuen almirante» gisa. Testuinguru honetan, ea gaurko Alemanian Reinhard Heydrich, III. Reich-eko burua, juduen Holokaustoa antolatu zuena, «III Reich-eko funtzionario zintzo» gisa aurkezten duten galdetu beharko dugu.
Irailaren 13an, Donostiako Ijentea kalean, errepresaliatuen omenez gure ahotsak argi eta ozen elkartuko ditugu.