Irati Urkiola: 'Kalanbreak'
Baina erre hitzak izan zuen iaz ere zentzurik ezkorrena. Erre baitziren Galizia, Leon, Asturies eta Portugal. Erre baso, etxe eta ametsak. Eta 365 pasa badira ere, oraindik su txikiak pizturik izango dituzte askok barruan. Amorrua eta ezina. “Efemerideak gugan zauriak direlako”.
Eta iaz sua aipatu moduan, aipatu behar dut oraingoan ura. Garrek duten indar suntsitzaile bera baitute olatuek. Zenbat ilusio, amets eta etorkizunerako proiektu dabiltzan itsasoan noraezean. Zenbat pertsona olatuekin borrokan. Zenbat bizitza, zenbat hilotz.
Eta bitartean gu, lehorrean. “Ongi etorri errefuxiatuak” dioten banderola horiak balkoietan eskegita, arropa bilketak antolatzen auzoetan, gaztetxeak atontzen herrietan, inor ilegala ez dela aldarrikatzen kaleetan. Instituzioei zerbait egin dezaten eskatzen, gehienetan. Erreta eta itota. Zain. Kalean bildutako indarrek behar dutelako goikoen bultzada, eta sostengua. Hala ere, leloekin ados bai, baina eskuak hotel gehiagoren eraikuntzan dituzte haiek. Hutsik dauden (etxe)bizitzak betetzeko lanetan baino, asebeterik dauden bizitzak gehiago betez. “Betiko leloaren betiko leloa”.
Baina kalanbreak goitik bezala sortzen dira behetik, edo ondotik. Herritik. Izan ere, Ongi etorri errefuxiatuak banderola balkoiean eskegita duen bizilagunak ikastolara bidaltzen ditu seme-alabak. Arropa bilketako arduradun jatorrak bezala. Eta jakin nahi nuke kontziente al garen, egun, ikastolara bidaltzeko hautuak dakarrenaz. Diru publikoarekin (ere) finantzatzen diren ikastola horiek bultzatzen dutenaz. Entzun al dugu zerbait eskola segregazioaz? “Getto” eskolez? Eta horrek gizartean eragiten duen ebakiaz? Hala ezean, kotsultatu beharrekoak iruditzen zaizkit ILP eskola inklusiboak atera dituen datuak, eta horri aurre egiteko proposatutakoak (bide batez, Jaurlaritzak duela gutxi atzera botatakoak).
Ez al luke izan behar Ongi etorri errefuxiatuak leloak gizarte kohesioa ardatz? Ez al genuke lemarekin batera, gizarte inklusibo bat josi beharko? Antza, askok haiekin nahi dituzte, baina haiekin gehiegi nahastu gabe… Kalanbrerik ez?