Irribarre bat
Atzera begiratu ezkero nire bizitzako momentu garrantzitsu askotan irudikatu zaitzaket: zuekin egindako oporraldian alaba bat bezala maitatu ninduzueneko garaian, kartzelaldian zure txisteekin kristalak ematen duen tristura ezkutatzen zenitueneko momentuetan, edota txikitan zure lepotik helduta gabarroiraino Atlantikoa gurutzatzen genueneko abenturetan.
Zutaz oroitzen naizen bakoitzean nire aurpegian irribarre bat irudikatzen da.
Irribarrea ateratzen zait, oroitzen dudalako aitonak ikasteko bidea hartzea hobe zenuela esaten zizula nola kontatzen zenuen gogoratzen dudalako.
Irribarrea, oroitzen dudalako gaztetan atxilotu zintuztenean Manzanas inspektorea zu jotzera zijoala leprosoekin lana egitetik zentozela kontatzea bururatu zitzaizulako. Noski, berehala jarri zintuen Gobernu Zibilaren atarian.
Irribarrea, osaba Germanekin arrantzara joan eta zuk arrain bat arrantzatzen zenuenerako berak baldea beteta zuela kontatzen zenuelako.
Orbegozon lanean hasi zinenean, grua handi bat gidatzen jarri zintuzten eta egun bat soilik iraun zenuela oroitzean irribarrea ateratzen zait berriz ere.
Oroitzen dut hegazkinean «primeran» jarri eta eskuak garbitzeko eskuzapia jan zenuela kontatzen zenuela.
Barre algara ateratzen zait Arbizuko bizilagunak bere baratza zurearekin alderatzen zuenean eta merkatuan azenarioak erosi zenituelako. Azenario handienak gauean lurrean sartu zenituelako, hurrengo egunean bizilaguna pasatzean zure uzta jasotzen ikusteko.
Oroitzen dut onddo bila joan ginenean eta badazpada bidetik zeuden perretxiko guztiak poltsan sartu zenituela.
Oroitzen zaitut nire amarekin barre algaraka bazkari guztietan. Zuen begiradekin, zuek bakarrik ulertzen zareten hizkuntza bihurri horretan ari zaretenean eta gainontzeko guztiok zuek ikusiz gozatzen dugunean.
Oroitzen zaitut zu, osaba. Barregurea eutsi ezinik istorio dibertigarriak kontatzen. Hasi eta hauek ulertu aurretik barregurea kutsatzen didazunean. Eta horrela oroituko zaitut beti.
Konturatu naiz denak sentiarazi gaituzula berezi eta denoi ateratzen diguzula irribarre bat zutaz oroitzen garenean. Baina, benetan denetan bereziena zu zarela.
Eta elkartuko gara berriro, gure betiko lekuetan, egunak hobeak baitira zurekin batera. Maite zaitut, osaba Iñaki!