Irutxulo jokoan
Ramon Labaien, idazlea
Sortu sortuko den, legalizatuko duten ala ez, ETAren ekintza armatuak betirako bukatu diren ala ez… eztabaida nagusia gaur egun Euska Herrian. Optimistak, batetik, dena negoziatua dagoela diotenak; bai presoen gai mingarria, baita alderdi berri hori osatu dutenen sinesgarritasuna ere. Pesimistak, bestetik, itsuak zioen bezala, ikusiko dugula esaten dutenak. Espainiako Gobernuarentzat, presoak direla-eta, erabaki bat hatzea benetan zaila delako, ikusiz nola gaia, bai Ebroren hegoaldean eta baita hemen ere, gorrotoak pipiatua dagoen. Behin eta berriro, Espainiako epaileentzat, Sorturi dagozkienetan, susmoak froga bihurtzen direlako eta behin hori onartuz, edozein gauzak balio duela. Beste hitzetan esanda, erabakiko dutena ez dela zuzenbidean oinarritua izango, Espainiako bi alderdi nagusiei komeni zaienean, baizik. Besteak beste, pentsa liteke, ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan parte hartzen badu, gaur egun zanpatzen gaituzten Espainiako alderdien arteko koalizioak pisurik gabe geldituko direla. Behintzat horrela pentsa dezakegu…
Eta horrela gauzak, berriro hauteskundean Donostian, Donostiako alkatetza dagoela jokoan. Iruditzen zait, sortuko den borroka ez dela izango beti ezagutu dugun alderdien arteko horietakoa, baizik, pertsonen artekoa. Alkate hautagaien artekoa. Bi pertsona, bi hautagai, bi programa. Besteek gauzak nahasteko balio dute, denbora galtzeko. Adibidez, Galdos hautagaiaren kasuan. Segur asko, donostiarrek nahikoa izan dute denbora luzerako, Tolosatik etorritako alkate batekin, berriro kanpotar batengan pentsatzeko, txantxikua baldin bada ere. Elorza jauna batetik eta bere alternatiba dena, bestetik. Donostiaren etorkizunaren bi kontzeptu, gauzak egiteko bi modu; horra hor donostiarrek daukaten aukera, Donostian pentsatzen baldin badute behintzat. Kontuan hartuz, Elorza jaunak hogei urte daramatzala bere aulkian, berarekin oraindik ados daudenen kopuruak –nahiko zabala dirudienez– eta aspertu dituenenak goraka egin duen ala ez, pisu handikoak izango dira haustekundearen emaitzean. Nik «alternatiba» jaunaren izena sobera ezagutzen dut. Ez alderdi batek edo besteak babesten duelako, baizik ere benetan Donostiak behar duen alternatiba delako. HITZAren neutraltasuna errespetatuz, ez dut bere izena aipatuko. Gauza da Donostiaren etorkizuna, donostiarren eskuetan dagoela. Beraiek erabakitzen dutela. Ez litzateke txarra, hauteskunde horietan, kontuan hartuko bagenu hiriaren etorkizunak gero eta gehiago duela zerikusia herritar bakoitzarekin.