Itsaso Gutierrez: 'Ixuxu Asturies-Euskal Herria zubia'
Otsailaren 8a, larunbata. Asturiasen, Oviedon kontzertua. Ixuxu Asturies-Euskal Herria elkarteak antolatua. Ezezaguna guretzat.
Donostiatik, Skakeitan eta ON taldeak izan ginen, bertako beste talde batekin oholtzakide. Inongo itxarobiderik gabe hartu genuen errepidea. Hurbil eta urrun zegoen beste lurralde hartarantz. Kontzertu gosez La Madreñara heldu ginen. Iritsi, eta, gora eta behera sumatzen zen mugimendua; inolaz ere espero ez genuena. Antolatzaileen artean aniztasuna egin zitzaidan deigarri. Adin desberdineko jende ugari lanean baitzegoen kontzertua aurrera ateratzeko motibazioak pizturik. Bederatziak aldera hasi zen aretoa betetzen. Jendea sartu eta sartu. Gizon eta emakume. Anitza, adin eta estiloetan. Hori bai bitxia!
Gurean, taldekatzea estilo edota estetika batzuen arabera dugula ohartu nintzen. Estilo bat hautatu, eta, ohitura eta erritualetan murgiltzeko joera badela. Talde espezifikoetan baturik. Mugaturik. Talde berekoen konplizidadean babestuko bagina bezala. Musikak, zaletasunak, edota ideal politikoez definiturik taldeek estetikan eta jarrera estiloetan batzen garela sentitu nuen. Imitazioz-edo. Eta han, Jauko barik taldearekin Europatik biran egon nintzeneko garaiak etorri zitzaizkidan gogora. Kresta urdin, berde, hori tentedunak, katez josiak; eskin itxuradun Marteens bodatunak; ilea apain apain zuten eta arropa garestiz jantzitako txukunak, rastak zituzten pearcingdunak,…
Guztiak bat eginez ekintza bakar batean. Euskal Herriko kultura eta musika beraienera eraman nahian. Bi herrien arteko zubia eraiki nahian. 300 lagun sartzen ziren aretoan, 350 gora elkarturik. Baturik. Bat eginik. Adin, estilo eta genero guztiak nahasirik. Hunkigarria. Kitzikagarria. Eta beraiek guretzat bertan, itzal txiki bat. Gure hizkuntza eta borrokan erroturik beraien eskaintzen aberatsean edateko mozkortuegirik. Egoera ekonomiko nahaspilatsua dela-eta gazte ugarik euren lurraldea utzi behar izan zutenez gurera emigratu behar izan zuten. Asturiastik Euskal Herrira etorritako hainbat gaztek, beraien herri senak pizturik eta euren kulturaren ondarea hedatzeko irrikaz osatu zuten 2013an Ixuxu-Elkartea. Guretzat ezezaguna. Itzal txiki bat.