Izan zenagatik eta izaten jarraitzen duenagatik
Urriaren 12an ospatzeko ezer ez dugula esatea aspaldiko kontua da. Hispanitatearen eguna den horretan, iraganeko sarraskiak harrotasunez ospatzen dituzte Espainian, nazionalismoaren aldarririk kasposoena eginez. Baina, hau diogunean, ez gara soilik nazio sentimenduaz ari, honek errepresentatzen duen guztiaz baizik.
Urriaren 12a bizi dugun sistema kapitalista-heteropatriarkal-kolonialistaren errepresentazio argia da, eta kalean, erakundeetan eta sare sozialetan puri-purian dabiltza diskurtso eta praktika arrazista, transfobo, homofobo eta misoginoak.
Aurtengoa ere ez da bestelakoa izan, eta zapalkuntza anizkoitza bultzatzen duen sistemaren ideiari tiraka, urriaren 12 honek utzi dizkigun zenbait gertakari ekarri nahi izan ditut hona:
· Ziburun, hiru pertsona migratzaile hil dira poliziarengandik ihesi. Trenak harrapatuta hil badira ere, ez dira istripuak izan, poliziaren indarkeriak eta erakundeen arrazismoak eragindako heriotzak baizik.
· Gasteizen, emakume bat erail du haren senarrak. Datu ofizialen arabera, urteko bosgarrena da Euskal Herrian, eta pairatzen dugun genero sistema bortitzaren adierazle bat gehiago da.
· Argindarraren eta gasolinaren prezioak goia jo du beste behin ere, oinarrizko beharrak kapitalaren mesedetara jarri eta langile klasea are gehiago prekarizatuz.
· Donostian, eraso euskarafobo bat jasan du gazte batek Ertzaintzaren eskutik. Berriro ere, euskara bigarren maila batera azpiratuz eta euskaraz aritzeko eskubidea urratuz. Eta, gainera, abusu polizialaren bidez.
Dena dela, lau gertakari aipatu baditut ere, gertakari hauek ezin ditugu era isolatuan ulertu. Izan arraza, klasea, generoa, edo beste hamaika kategoria aitzakiatzat hartuz, subjektu azpiratuak egiten gaituzte, gutxi batzuen mesedetan eta mendeko nahi gaituen sistema betikotuz.
Nahiko adierazgarria iruditzen zait, gainera, hau guztia urriaren 12aren moduko egun batean gertatu izana. Iragan kolonialistan, patriarkalean eta klasistan oinarritzen den ospakizun honek forma kolonialista, patriarkal eta klasista hartu du beste behin ere. Beraz, izan zenagatik eta izaten jarraitzen duenagatik, urriaren 12an ezer ospatu gabe jarraituko dugu.