Sara Majarenas eta haren alaba aske uzteko eskatzeko mobilizazioa. (Argazkia: Malen Aldalur)
Opor usaina sumatzen den garai honetan, ohi den bezala, ikasturtean zehar sortutakoaren inguruko hausnarketari ekiten diogu, baita etorriko den ikasturte berriaren inguruko aurreprestakuntzari heldu ere. Zeregin batean zein bestean, ezin dugu burutik kendu, aitak labanaz erasotu zuen Izar Majarenasen egoera kezkagarria. Haurraren osasun fisikoak hobera egin duen arren, ondorio psikologiko eta emozional larriak utzi dizkio. Izarrek trauma psikologiko oso esanguratsua bizi du une honetan.
Gaur egun Izar bere amarekin bizi da Madrilgo harrera etxe batean. Udaberrian izandako gizarte presioaren eraginez lortu zen bere amarengandik ez banatzea. Hala eta guztiz ere, ama-alabak elkarrekin badaude ere, bizi duten egoerak muturrekoa izaten jarraitzen du: Izar bere etxetik 450 km-ra bizi da; arrotza zaion hizkuntza batean eskolaratzera behartuta dago. Are gehiago, euren nortasuna ezkutaturik, anonimatuan izatera behartuta daude; eta, hori guztia nahikoa ez balitz, beren aiton-amona eta senideengandik urrun.
Gu, irakaskuntzako adituak garen aldetik, babesgabetasun osoa duen egoera horrek 3 urteko haur baten bilakaera psikopedagogikoan izan dezakeen eragina salatzera behartuta gaude.
Horrez gain, jakin badakigu Izarren ama askatzea eta alaba dagokion lekuan eskolatzea beharrezkoa ez ezik, posible ere badela. Izan ere, ezarritako zigorraren 3/4ak duela bi urte eta erdi bete zituen, eta, beraz, baldintzapeko askatasuna erdiesteko baldintzak betetzen ditu.
Horregatik guztiagatik agiri hau sinatzen dugun irakasleok, Sararen berehalako askatasuna eskatzen dugu Izarren osasanagatik, bere herrian eskolatua izateko duen eskubideagatik, indarkeria sexistaren biktima delako, gizatasunagatik eta, azken finean, giza eskubideak bermatu besterik eskatzen ez dugulako.
Beharrezkoa delako: Izarrekin Sara etxera.
Ezin aipatu gabe utzi ikasturtez ikasturte gurasoak preso dituzten ikasleak. Izan ere, euskal preso donostiar guztiak EHtik kanpoko espetxeetan sakabanatuta daude eta gure ikasleek milaka kilometro egin behar dituzte euren aita-amak ikusteko.
Leire Gallastegi, Joxean Jauregi eta Gurutz Sanazberro, Donostiako 15 ikastetxetako 35 irakasleren izenean.