Izena, izanetik urrun
Aurreko urtean Roxaito izena jarri zioten San Tomas eguneko txerriari. Bere egoera nolakoa zen jakitera gerturatu nintzen Donostiako Plaza Berrira, animalia horrek bizitzen zuena argazkietan erretratatzera eta inguruko gizakiak berarekiko nolako jarrera zuten jasotzera, baita ere.
Gehienbat, umedun familiak izaten dira gerturatzen direnak, txerriari pare bat argazki egin eta zein gizena eta handia dagoen erakustera. Ume batzuek ea ondo zegoen galdetzen zuten; baietz, «pozik eta lasai», erantzuna. Nik ere, umeek bezala, dudak izan nituen bere egoeraz. Roxaitok egun osoa pasatu zuen jendez eta soinuz inguratuta, ingurune arrotz batean, begiak itxita eta mugimendu handirik egin gabe. Nik ere, umeek bezala, alde ederra nabaritu nuen karteletan eta saltokietan ageri ohi diren txerri irribarretsuetatik eta Plaza Berrian ikusgai nuenaren artean. Baina Roxaitok bertan sufritu edo sufritu ez zuenaz at, errealitatea da behartu egin zitzaiola bertan egotera, hiltegira behartuta eraman zuten modu berean.
Aurten, Xixili du izena plazan egoteko aukeratu duten txerriak. Berarekin batera hazi dituztenak baino gehiago biziko dela dio bere jabeak: «Orain bakarrik dago, anaiak jada ez daudelako», aitortu du. Ez daudela dioenean, esan nahi du hiltegira bidali dituztela, asko jota hamar hilabeterekin hiltzen baitituzte hazi diren etxaldean. Aldiz, Xixili, plazan erakusgai egoteko espero den itxura izan dezan, gehiago gizendu behar dute eta horregatik biziko da pare bat hilabete gehiago. Abenduaren 21etik aurrera, beste txerriekin egin duten bezala, elektrokutatu, goitik behera zintzilikatu eta azkenik odolustu egingo dute, bere anaiekin dagoeneko egin duten bezala.
Kontatzen diguten errelatotik oso urrun dago festari lotuta dagoen zati hau, umeei kontatzen zaienetik are urrunago. Errealitatea da San Tomas egunean Xixilitik oso gertu dauden postuetan salduko diren txistorrak egiteko 700 txerri inguru erailko direla.
Txerriak festaren ikur bilakatu ditugu estetikoki gustatzen zaizkigulako, baina oinarrian haien gorputzak objektifikatu eta instrumentalizatu ditugu, sentitzeko gaitasuna eta bizitzeko grina duten animalia hauen interesei erreparatu gabe, ahaztuta plazaren erdian dagoen norbanako horrek eta talo barruan dagoenak berdina nahi zutela. Esplotatu gabe aske bizi eta izan, izenetik haratago.