Jazarpenaren normaltasuna
Atzo arratsaldean somatu nuen lehenengo aldiz iskanbila. Gaur berriz ere gertatu da.
12 urte inguruko mutil talde bat (6-8ko taldea) Donostiako Parte Zaharrean oso ezaguna den emakume ilehori baten kontrako jazarpena egiten ikusi dut berriz ere. Gazteluan, Urgullen, ibili ohi da emakume hau, katuei jaten ematen. Egia da, ez dauka burua bere onenean, baina ez dio inori kalterik egiten. Hona gaztetxo hauen denbora-pasa: korrika bere ondotik pasa, eta “Eroa!” eta antzeko oihuak botatzen dizkiote gazteleraz, eta denak barrez. 20 metro aurrerago gelditu eta berriz, beste lasterketa bat bere ondotik, berriz ere oihuak botatzera. Behin eta berriz horrela. Emakumea, larrituta, oihuka azkenean: “Laguntza!”.
Mutilekin batera edo, adin bereko neskatila talde bat, urrutiago, begira, mutilen jazarpenari barre egiten…
20 urte inguruko bi mutil ere bazeuden han ondoan, portal baten koxkan eserita, begira. Ni zain, gaztetxoei zerbait esango zietelakoan. Hauek ere barrez hasi dira emakumea oihuka hasi denean!
Izugarria!
(Azkenean kalera jaitsi naiz, jazarpena gelditzera. Baina hau ez da inportanteena…)