Jon Insausti alkateari gutuna
Umetan ikasi genuen Olentzerori gutunak idazten. Urtean zehar ume txintxoak izateagatik, nahi beste opari ordainetan jasoko genituelakoan. Orain, ordea, alkateari gutun bat idaztekotan nagoenean, ohartu naiz inork ez digula eskolan irakatsi zure herriko alkateari nola idatzi beharko zeniokeen, zer eskatu geniezaiokeen edota zein den gure eskaerak egi bihurtzearen ordaina.
Pentsatzen jarrita, ohartu naiz alkateak Olentzerorekin ere izan dezakeela antzekotasunik; hau da, txintxo portatuz gero edo protesta eta manifestaziorik egin ezean, soilik emango digula eskaturiko guztia. Bestela, ikatza, eta gazteon kasuan, ondo dakigu ikatzak zer esan nahi duen: epaiketak, isunak, jazarpena eta kriminalizazioa.
Umetan guztiok entzun izan dugun esaldia da «helduagoa zarenean ulertuko duzu», eta egia da denborak aurrera egin ahala ohartzen zarela gauzek ez dutela horrela funtzionatzen.
Jon Insaustik, une honetan Donostiako alkate denak, duela gutxira arte Parte Zaharreko bizilaguna izan den heinean, aski ezaguna du auzoko egoera zein larria den. Sobran daki zeintzuk diren edozein auzotarrek egingo lituzkeen eskaerak:
1- Auzotarrek eta kirol taldeek Bretxako kirol instalazioak erabili ahal izatea.
2- Bretxan terraza gehiagoren ordez, eserlekuak, zuhaitzak, iturria edo parkea jartzea.
3- Esterlines kaleko eraikina, auzoko elkarte eta bizilagunen erreferentziazko kultur gune bilakatzea.
4- Gero eta zaharragoa den auzo batean, Eguneko Zentro duin bat egitea.
5- Trinitate enparantza estaltzea.
6- Konstituzio plazaren ordez, Plaza Berria izena berreskuratzea, bai eta euskarazko kale izendegi justu eta parekideago bat ezartzea ere.
«Olentzerori bezalaxe, zuri ere, opari horiek guztiak ekarriz gero, datorren urtean ere ume zintzoak izango garela zin egiten dizut»
Zerrenda askoz ere luzeagoa izan liteke, baina umetan esaten ziguten Olentzerori ezin zaiola edozer eskatu; ezin duela gerrekin bukatu edota gaixo dagoen zure gelakidea sendatu. Magiak bere mugak dituelako.
Hala ere, ahaztu gabe, gehituko nuke azken eskakizun bat: Guardetxean martxan dagoen proiektu autogestionatu eta komunitarioa errespetatzea. Auzoko gazteon parte hartze eta integrazio sozial, kultural eta politikoa sustatzeko, geure burua ahalduntzeko edota parekidetasuna, euskaltzaletasuna eta elkartasuna sustatzeko ezinbesteko proiektua delako Guardetxea.
Noski, Olentzerori urtean zehar egindako bihurrikeriak aitortzen ez dizkiogun moduan (ezin baitzaio apaizari egindako bekatu oro konfesatu), ez dizugu esango gu geu garela auzo ekipamenduen aldeko egitasmoa bultzatzen ari garenok, jaiak antolatzen ditugunok, turismo jasanezinaz kexatzen garenok, etxebizitza hutsak okupatzen ditugunok, gure kaleetan dabiltzan faxistei aurre egiten diegunok edota politikoki antolatu eta beste hamaika aldarrikapenekin kaleak hartzen ditugunok. Hori bai, Olentzerori bezalaxe, zuri ere, opari horiek guztiak ekarriz gero, datorren urtean ere ume zintzoak izango garela zin egiten dizut.
