Jon Odriozola: 'Astelehena'
Jon Odriozola, kazetaria
Oro har, astelehena ez da egun oso gogokoa edo gozoa izaten. Ezta futbolerako ere. Asteburuko partiden ostean asteari hasiera ematen dion egunean jokatzen den Ligako partida, galdu samarra geratzen da; astelehen arrunt buruzuria.
Inauterietan murgildurik jokatu zuen bere dema Realak, Katalunian. Harmailetan, lau katu. Baina aspaldian ez bezala realzaleek gozatu ederra hartu genuen.
Realak duen kirol kalitatean oinarriturik, ez zuen bera ez denaz mozorrotu beharrik izan, eta bikain atera zuen partida aurrera. Jai giroan ospatu ziren golak. Aspaldiko partez, nola bestela! «Utzi batzuk datorren iganderako», oihukatzen zuen taberna batean partida ikusten ari zen hartzez mozorroturiko bezero batek.
Unanun (Nafarroan), muttuak eta mamuxarroak makilkadak banatzen dituzten bezala, egurtuak amaitu zuten Espanyolekoek. Altsasuko momotxorroen antzera, odoleztatzeraino. Reala ez zen irten sardeak eskuan eta adarrak buruan zituela baina bost adarkada, eta ziztadez josita utzi zituen kataluniarrak. Inauteriaren alde gazi-gozoa pairatu zuten. Badirudi, inauterietako azken egunean bezala, Realak bere ibilbide traketsa sutara bota duela. Gainetik kendu duela inork ikusi nahi ez zuen irudia; mozorroa, alegia. Eta hemendik aurrera zer? Gau eder bateko ametsa, edota esperantzaren norabidea hartuko du taldeak aurrerantzean? Datorren igandeko partidak bide hori dezente argitu dezake. Granadari irabaziz gero, jaitsierako postuen sua uxatu, eta bigarren itzuli duina ikusteko esperantza piztu daiteke txuri-urdinen artean.
«Hori egina zegok», adieraziko du inork. Hau da, igande eguerdiko garaipena etxean geratuko dela. Baina gogoan izan, Granadak Anoetan jokatu dituen azken hiru partidetan, bi berdinketa eta garaipen bat –iaz– erdietsi dituela. Iazkoa minbera izan zen oso (0-3). Egia da Rayoren ostean, Espanyolekin batera, gol gehien jasotzen dituen taldea dela (46), baina lehengo astean Real Madrilen aurka aritu bezala, eta Lantzeko txatxoen antzera, realzaleak asaldatzen eta izutzeko ahalegina egingo du.
Realak aukera bikaina du sailkapenean gorantz egin, eta zalegoan poza ereiteko. Noiz eta San Mameseko derbia ate joka dagoenean. Ea iragan inauteri-astelehena bezala, datorren astekoa ere Astelenita edo Asteleniota den. Hau da, goxoa eta atsegina.