
Ez zen iragan asteleheneko gaua samurra izan. Partida kaskarrean, eta fisikoki bi taldeak justu-antzean zeudenean, Herviasen golak guztiak piztu eta poztu zituen. Baina borrokaren azken txanpan, ezusteko pare batek, bi muturrekok, taldea jota utzi zuten. Eta zaleak zer esanik ez. Minduta eta burumakur, etxera.
Peter Buckley, hartzaileetan hartzailea izan zen. Hemeretzi denboraldi eman zituen boxeolari. Welter pisuan, afizionatuetan, maila txukuna erakutsi zuen Birminghamgo boxeolariak. Guztia ematen bazuen ere, bere ibilbidean zehar kolpe piloa jasan zituen. Auskalo zenbat. Erruz. Bolada batean 80tik gora borroka galdu zituen bata bestearen atzetik. Bizitzeko dirua behar zuenez, ez zion eskaini zioten borroka bakar bati ere inoiz uko egin, nahiz eta, adibidez, bi orduko epearekin abisatu. Ia beti lurrean amaitu arren, ez zuen ‘hutsik’ egiten. Kolpe jasotzaile onaren fama zuen, erraz amore ematen ez duten horietarikoa. Sonako boxeolari bat baino gehiagoren entrenatzaileek begiko zuten, boxeolari gogorra baitzen. Guztia ematen zuen. Norbaitek egin behar ditu sparring lanak boxeolari izarrek bere bidea egin dezaten.
Bihar Realak partida garrantzitsua jokatuko du Kordobako ringean. Ez hil ala bizikoa, baina txuri-urdinen K.O. batek, porrotak, zeresana izan dezake. Antza, handia gainera. Eta borroka hauetan, galduz gero, badakigu nork ordaintzen duen. Asko, zelaira baino eserlekuetara begira egongo dira. Besteak beste, emaitzaren arabera ea entrenatzaileak toalla botatzen duen edo ez ikusteko.
Maider Unda, borroka libreko kirolari arabarra, artzaina eta gazta-egilea ere bada. Bere burua borrokalaritzat du Aramaiokoak; bizitzan zein kirolean. Undari bezala, Arrasateri ere ez zaio zarata ateratzea gustatzen. Lana isilpean egiten duten horietarikoak dira. Futbolaren show-ean ezohikoak. Egun entrenatzaileek, antza, euren lana egiteaz gain berritsuak eta albiste-titular saltzaile izan behar ei dute. Nuevo Arcangel futbol zelaian, mundu guztiaren ahotan egongo omen den partidaren ostean (Real Madril-Bartzelona), jokatuko dute Kordobak eta Realak. Borroka ez da samurra izango. Talde bien lemazainak asko dute jokoan; Djukicek, andaluziarren lehen partida gidatuko du, eta Arrasate, Realak gorantz egin dezan ahaleginduko da. Ez naiz batere neutrala izango. Bisitariak, talde txuri-urdinak, irabazi dezala.