'Bigarrena'
Jon Odriozola, Kazetaria
Ordutegi bitxia partida hasteko; 19:50. Telebistak agintzen du, eta nola gainera! Mallorcako begi-ondokoaren ondoren, jende asko bildu zen Anoetan, Realaren bigarren garaipenaren esperantzan. Aurreko jardunaldian, irlan emandako itxura hobetzeko asmoz zelairatu ziren txuri-urdinak. Denboraldi hasierako partida ohikoa izan zen, eta lehen zatia astun samarra izan bazen ere, taldeak beste itxura bat eman zuen bigarrenean. Horretan Griezmannek izan zuen zeresanik –lehen zatian berak izan zuen gola sartzeko aukera bakarra–; baita Velak ere -hasieran ilun samar, ondo bigarren zatian-. Txukun dabil frantziarra Ligako lehen txanpan. Gogotsu. Eta taldeak eskertzen du.
Ez ziren faltan bota min hartuta dauden jokalariak, eta bistan da taldeak atzean eutsiz gero aurrealdean golak sareratzeko jokalari iaioak dituela. Beste munduko partida izan ez bazen ere, hiru puntuak ziren xedea, eta etxean geratu ziren. Lau partida: bi garaipen eta bi porrot. Hau, hasi besterik ez da egin, nahiz eta baden Real Madril bi puntutara dagoela aireratzen ari denik. Gauzak bere neurrian. Beltzetik zurira arin aldatzeko joera dugu. Eta alderantziz…
Datorren asteburuan, Levanten izango du etxetik kanpo taldeak erakusten duen itxura apaintzeko aukera. Ez da zezen-plaza erraza, baina norabidea zuzentzeko edozein leku da ona. Juan Ignacio Martinezen taldeari ez zaio eskarmenturik falta; zakur zaharrak ditu. Jokalari borrokalariak. Horren lekuko, ospe handiko futbolariak izan gabe, iaz, Ligan lortu zuten balentria; mailari eusteaz gain, Europan jokatzeko sailkatu ziren. Lorpen bikaina.
Aste bi barru, berriz, derbia jokatuko da Anoetan. Norgehiagoka hasi aurretik, Londresko Olinpiar Jokoetan aritu diren kirolzaleek, ondo merezia duten omenaldia jasoko dute. Hedabideetan askorik azaltzen ez diren puntako kirolariek zale txuri-urdinen berotasuna jasoko dute. Galdera bat: noiz emango zaio Urrezko Danborra Richard Oriberi? Berak adina merezi duen pertsona gutxi ezagutzen ditut… Bejondeizuela guztiei!