'Dema zaila-Lemazaina'
Ostirala. Askorentzat asteko egunik gogokoena. Asteburuaren hitzaurrea delako? Agian. Aste honetakoa berezia izango da. Gau partean Bilbo aldera begira jarriko gara San Mames zaharrean azken derbya jokatuko baita. Lanean, koadriletan, taberna zuloan… ez da beste gairik. Beno, bai, baina hobe une batez gogoratzen ez baditugu haserrea eta tristura eragiten baitigute… Ez dut uste futbola arazo garrantzitsuagoak estaltzeko erabili behar denik, ezta gutxiago ere, nahiz eta amona batek lehengo batean zera esan: «Reala bizi poz txiki bat da». Hainbatek berdin pentsatzen du.
Arratsaldean, partidaren atarian, beste derby bat jokatuko da; Bertso-Derbya. Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio txuri-urdinek, doinu eta hitz-jokoen deman euren etorria erakutsiko dute Bilbon. Asmo berarekin doaz katedralera Montanierrenak. Azkenaldiko bolada onari eutsiz, altxorraren bila.
Urteak dira ez zela Reala sailkapenaren goialdean ageri, eta oraindik ezer lortu ez bada ere, entrenatzaile frantziarraren lana aintzat hartzekoa da. Askok ez dute begiko. Ez dute parean ere ikusi nahi. Anoetan bere aurka entzun behar izan zituen oihuak inor gutxik ahazten ditu. Beste batzuk, begirunea diote; nahiz eta ez duten oso ozen esaten. Egon, badira. Ez dute aurrekoak adina zaratarik ateratzen, baina taldeak emaitza onak lortzen dituenean bereziki pozten dira. Taldearengatik eta normandoarengatik: Montanierrek ere, baditu bere jarraitzaileak. Entrenatzaile langile eta isila da. Egungo futbolean ezohikoa: zarata eta saltsara ohitzen ari gara. Show-etara. Eta artalde horretan sartzen ez dena, ardi galdua da zenbaiten ustez. Ez dakit datorren urtean jarraituko ote duen –memoria oso gutxi du futbolak–, baina lan duina egin du gaurdaino.
«Orain, ez da hain txarra…»; «aldaketak egiten ikasi egin du…»; «zelaian ipini behar zituenak orain jartzen ari da…». Zenbat horrelako entzun ditugu. Bere arerio handienak ere, eginiko lana hein batean aitortzen hasi zaizkio, baina jokalarien iaiotasuna azpimarratzen dute taldearen egoera ona arrazoitzeko. Ez dauka lan erraza frantziarrak. Gaur, azken bi urtetan izan duen beste erronka bat izango du eskuartean, datorren urtean Europan jokatzeko ametsari eustea.


