Jon Odriozola: 'Ameriketara joan nintzen'
Jon Odriozola, Kazetaria
Liga txapelketari, emaitza aldetik, agur txukuna eman ondoren, Ameriketan barrena dabil talde txuri-urdina. Xentimorik gabe Ameriketara joan, eta handik bueltan «bost milioiren jabe» etorri zela dio kanta ezagun batek. Realak bere ibilbidea Kalifornian hasi du; urrearen estatuan.
Saskibaloi ikusi, eta pilota eta errugbian ‘jokatzen’ aritu dira jokalariak. Pilotan, San Frantziskoko Euskal Etxean ibili ziren. Pilotaleku puska! Eta ondoren beraien lanbidera, futbolean jokatzera.
Debuta, atzo, oso goizaldean egin zuten, Donostia lotan zegoenean. LFP World Challenge-aren barruan San Jose Earthquakes taldearen aurka neurtu zituzten indarrak. Partida hasieran nazioarteko partidetan bezala, lerroan jarri, eta ereserkia eta bandera. Espainiako ereserkia entzun zen nahikoa betea zegoen futbol zelaian. Eta bandera ere, Espainiakoa.
San Joseko partidan hiru gauzek atentzioa eman zidaten. Batetik, Avaya Stadiumeko ate baten atzean zegoen harmailan ia atzealde guztia hartzen zuen bideo-markagailu puska. Partida zuzenean eman zuten; hemen ez baina liga askotan bezala, ohikoa. Bestetik, bitxia, pantailaren azpian zegoen barra. Taberna, alegia. Luzeran, ia pantailaren adinakoa. Eta azkenik, Carlos Velak jaso zuen txalo zaparrada bigarren zatian zelairatu zenean. Jatorri mexikarreko jende asko zegoen harmailetan, eta bero hartu zuten herrikidea.
Gainontzean, hamaikakoan, gazte dezentea atera zituen Eusebiok, eta nahiz eta markagailuan aurrean hartu, amaieran, estatubatuarrak nagusitu ziren (2-1). Datorren asteartean jokatuko dute bigarren norgehiagoka.
Etxean, zurrumurru dantza hasi da. Talde batek baino gehiagok etorkizuna duten jokalari txuri-urdin gazteak eskuratzeko asmoa azaldu dutela, Realera etor daitezkeen jokalarien izen tropela, diru kopuruen eztabaidak… Ohiko doktrina. Hemendik liga asterako zenbat horrelako entzungo ote ditugu! Eta tartean, Frantzian, Tourra eta Eurokopa, eta Brasilen Olinpiar Jokoak. Uste dut bat baino gehiagok orduak sartuko dituela telebistaren aurrean. Ameriketara joan zen hark esaten zuenaren harian, kirolzale askok, «horretxek ematen dit maitia bihotzean poza» kantatuko dute udan zehar. Bat baino gehiagok zaintiratuak izango ditu butakan eserita.