Jon Odriozola: '‘Hori-hori’'
Jon Odriozola, Kazetaria.
Hiru jardunaldi, eta jada, hasi dira zenbait zale marmarka. Etxean, bi norgehiagoka, eta zalantzak jarraitzaileen artean. Egia da, jokoan ziren bederatzi puntuetatik erdiak ere ez dituela lortu Realak –lau erdietsi ditu– baina dagoeneko duda-mudetan hastea ere. Taldea txukun ez dabilenean besteak nola dabiltzan begiratzeko joera izaten da, eta gainbegiratu bat emanez gero, dagoeneko ezusteko batzuk ikusi dira. Halere, ez da kontsolamendua.
Realak jokaturiko hiru partidetan, denetarik izan da; merengeen nagusitasun osoa lehen jardunaldian, gorritxoen aurka, lanean seriotasuna eta zortea Iruñean, eta perikitoen deman, bigarren zati duina. Orain, horien aurka jokatu beharko dituzten bi partida. Lehena, Mediterraneoan. Ea ‘itsaspeko horia’ ondoratzeko gai diren.
Gogoko dut Vila-real. Urtetan, futbol bikaina egiteaz gain, talde onak osatu izan dituzte urteak joan eta urtea etorri. Lehen Mailan hamasei denboraldi soilik egin baditu ere, Ligako sailkapen historikoan, hogeita batgarren taldea da. Bere aurretik Las Palmas dago. Honek, ordea, 32 denboraldi eman ditu lehen mailan. Bikoitza.
Gogoan dut, adibidez, Anoetan Vila-realek jokatu zuen partida batean, realzaleek Rimelqueri eskaini zion txalo zaparrada beste taldekide batek ordezkatu zuenean. Jokalari onak fitxatzeaz gain, etorkizun oparoa erein dute beste batzuk talde horian. Bere bigarren taldeak Bigarren Mailan jokatu zuen hiru urtez; maila bat behera egin behar izan zuen lehen taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean. Azken hamahiru denboralditan, 2012-13an izan ezik –Bigarren Mailan aritu zen denboraldia- Vila-real, batez beste, seigarren postuan sailkatu da. Europan maiz jokatu du, behin baino gehiagotan kanporaketetan urrun iritsiz. Halere, aurten, denboraldi hasiera ez dute batere gozoa izan. Zuzendaritzak, nahiko zeresanekin, azken urteetako lemazaina kendu eta berria jarri du. Txapeldunen Ligatik at, Escribaren koadrilak txuri-urdinek baino puntu bakar bat gehiago eskuratu du. Ea, El Madrigalgo ‘ur nahasietan’, arrantza duina etxeratzeko gai den Reala. Gero, datorren astean zehar –asteazkenean- beste hori batzuk izango ditu arerio Realak; Willian Joseren talde ohia, Las Palmas. Txuri-urdinek mendekua nahiko dute, iaz, ez baitzen arerio batere erraza izan. Bi erronka ‘hori’ interesgarri denbora laburrean.