Jon Odriozola: 'Gol gosez '
Jon Odriozola, Kazetaria
Astelehenean ez zen besterik: penaltia gora, eta penaltia bera. «Illarrak penalti argia egin zian!», batzuk. «Bai zera!», ados ez zegoen beste batek. Baietz eta ezezko eztabaidak –bero edo bareak– Athletic eta txuri-urdin zaleen artean. Azkenean ezer ez. Barkatu. Penaltia ez, penaltiak, baizik. Atsedenaldian bost izan baitziren. «Zertan ari da hau?», pentsatzen ariko zara irakurle.
Derbiko atsedenaldian, norgehiagoka bat ospatu zen zelaian. Bertan bost futbolzalek atezain bati penalti bana botatzeko aukera izan zuten. Sartuz gero, Realeko jokalariek sinatutako elastikoa zuten opari. Bost parte hartzaileetatik, lauk asmatu zuten. Eta batek bereziki. Hain bota zuen ondo penaltia, zaleek txalo ederrak eskaini zizkiola. Kideekin berotze-ariketak egiten ari zen Gurpegik ere, bai, besteak beste.
Parte hartzaile bat hain gustura geratu zen bere golarekin Cristiano Ronaldoren gol ospakizunarekin ospatu zuela bere arrakasta. Beraz, golak, egon ziren Anoetan, baina…
Bihar beste erronka bat. Realaren arerioak iragan asteburuan txuri-urdinek lortu zuten emaitza berbera erdietsi zuen: husna berdindu zuen. Hauek etxetik kanpo –Bernabeun– eta itxura oso duina emanez. Sei jardunaldietan ez dute golik sareratu, eta hiru jaso dituzte –Realak baino bat gutxiago–. Txuri-urdinek hiru puntu gehiago dituzte.
Realak, aurten, fitxaketekin inbertsio esanguratsuak egin dituen bezala, Malagak guztiz kontrakoa egin du. Qatarretik etorritako xeke batek 2010ean lur hartu zuen taldean, eta bi denboralditan dirutza gastatu ondoren, orain ez du sosik jartzen, eta taldeak saldu dituen jokalarien diruari esker eusten ei dio goiari. Etorkizun handiko jokalariak joan zaizkio. Zaleak ez daude batere gustura, eta asteburu honetako emaitzak emango du zeresana –Levanterekin batera oraindik ez du partidarik irabazi Malagak–.
Bi talde txuri-urdinek garaipena nahi dute liga geldialdiaren aurretik inguruan sortu den urduritasuna baretzeko. Bi asteren buruan Realak Madrilgo koltxoneroak hartuko ditu etxean.
Lemazainen partida izango da biharkoa. Nola ez. Batetik, Javi Gracia nafarrak, Realeko jokalari ohiak, lehen garaipena lortu nahi du zalegoa lasaitzeko. Beste hainbeste Moyesek. Biek euren taldeek golak lortzeko ahalegina egingo dute, kamuts ari baitira arerioaren ateen aurrean. Igandean zalegoa ez zen pozik irten Anoetatik. Partida amaitzean isiltasuna nagusitu zen harmailetan, nahiz eta jendea kezkati dagoen taldearen Liga hasierarekin. Sailkapenean eta erasoko jokoan hobeto ibiliko zelakoan dago zalegoa. Granadako garaipenak lasaitasuna eta esperantza erein zituen, ea Andaluziako lurrak orain ere orduan bezain emankorrak diren puntuen uztan.