Jon Odriozola: 'Ilunpetik argirantz'
Jon Odriozola, Kazetaria
Bai, igande arratsalde lasaia iragan asteburukoa. Eskertzen da tarteka. Emaitza paregabea gol sorta ederrez hornitua. Eguerdiko bermuta eta pintxoak ez zitzaizkion inori kontrako eztarritik joan.
Agian, ospatzeko, zintzurra alaitzeko, ohikoak baino trago pare bat gehiago edango zituen norbaitek.
Zalea pozik, eta tabernaria ere bai. Bazkal orduan, otordu lasaia, ez zen emaitzarengatik purrustadarik izan, eta mahaiaren bueltan eserita dagoen futbolzalea ez denak, eskertu zuen. Valentziatik uzta ederra ekarri zuten txuri-urdinek. Horrez gain, bai aste lasaia. Aurrekoan era guztietako hausnarketak bor-bor entzun ziren.
Hemen da asteburu berri bat. Hamargarren jardunaldia. Bihar hurrengo erronka. Sailkapenean gorantz egiteko beste aukera berri bat. Lasaitasunerantz.
Realaren partida hasten denerako, batzuk, mozorrotuta ibiliko dira festa giroan Halloween festan murgilduta. Ohituraren jatorrian zelta herriak zeresan handia omen du.
Antza, garai batean, Irlanda, Eskozia… aldean bizi ziren zeltak, urriaren 31n, Samhain izeneko festa paganoarekin urte amaiera ospatzen omen zuten: XIX. mendean, adibidez, irlandar katolikoak, Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) joan zirenean, festaren bultzatzaile nagusi izan ziren.
Festak, ez zuen egungo itxura, egiten zituzten errituek joera garbitzaile eta erlijiosoa ei zuten. Oraingoak, auskalo.
Ez dakit zer asmorekin zelairatuko den bihar Celta. Beno, bai. Aurreko jardunaldiko emaitza purifikatu edo hobetu nahiko du. Ziur.
Etxean, Real Madrilgo merengeen aurka galdu arren –galiziarrak jokalari bat gutxiagorekin aritu ziren minutu askotan–, lanak eman zizkion bigarren zatian Florentino Perezen taldeari. Talde ona da bi aste barru urteak beteko dituen Eduardo Berizzorena. Galiziarren lema hartu aurretik, lau urtez, Marcelo Bielsa Txileko hautatzaile izan zenean, herrikidea, bere laguntzailea izan zen.
Beste hainbeste urte eman zituen Celtako jokalari gisa. Jokatzea gustatzen zaion taldea da Celta, hain zuzen ere; badira urte batzuk bide horretan diharduela.
Partida larunbatean hasiko bada ere, Santu Guztien egunaren atarian amaituko da. Ez dakit aingeru guardakoen laguntza, baina zaleen babes faltarik ez dute izango jokalariek. Jarraitzaileek badute fedea taldean. Ea piztuera behin betikoa den.