Jose Ignacio Ansorena, udal txistulari bandako zuzendaria.
Donostiarrok, 2012an eta 2013an, Serafin Baroja eta Raimundo Sarriegi era berezian hartu ditugu gogoan euren heriotzen mendeurrenak izan direlako. Horregatik hainbat ekitaldi, argitalpen eta kontzertu berezi eskaini zaizkie azken bi urte hauetan.
Ziur aski Serafin eta Raimundo adiskide minentzat, entzun ahal balute, horiek denak baino pozgarriagoa litzateke donostiarren ondarean utzitako ale bereziak ongi zainduak sentitzea. Alegia, Sarriegiren kasuan bere doinuak txukun jotzea. Eta Serafinenean, hainbesteraino maite zuen Donostiako euskararen eufonia bereziari bere abestietan ongi eustea.
Egun maiz kexatzen gara euskaltzaleok gazteek euskaraz ikasi bai, erabili, ordea, gutxi egiten dutela. Hizkuntza nork bere sentitzeko eta gogoz erabiltzeko eufonia, hizkuntzaren sonoritate ona, beharrezkoa da. Donostialdeak badu berea, azken urteetako euskal kontu guztien nahasmenarekin batera nahikoa baztertu dena. Serafinek eta baita Raimundok ere bihotzean zeramaten.
Donostiako martxari dagokionez, egun ezin eska daiteke Serafinek idatzi bezalaxe, xehe-mehe, kantatzea. Argitara emandako aurreneko bertsioaren gainean berak ere aldaketak ezarri zituen. Eta denboraren eraginak beste hainbat gaineratu dizkio. Uste dut egungo bertsio ofizial eta zabalduari men egitea beste aukerarik ez dagoela. Ahoskera arloan, baina, denetarik entzuten da eta merezi lezake donostiar eraz ebakitzeko ahalegina.
Proposatu nahi dizuet, Donostiako martxa, 2014tik aurrera kantatzen duzuenean, nire ustez, Serafinek nahiko lukeen eran ahoskatzea. Bereziki mingarri gertatuko litzaizkioke Gu ere bai esatea, errima batzuetako -uba edo -iya kentzea, oju, juaz edo dijua (jotarekin alegia) esan beharrean oyu, yoaz edo dihoa esatea, eta txoko beharrean zoko kantatzea.
Gastronomia egunero prentsan goraipatzen den herri honetan, hau ere zapore kontu gisan har daiteke. Horrela ahoskatuta, Donostiako martxak zapore hobea baitu: sarkorragoa eta hunkigarriagoa. Horrela abesteko sortua baita.
Hau da nire proposamena. Dastatu eta esango didazue errezeta ona den:
Bagera!
Gu´re bai!
Gu beti pozez,
beti alai!
Sebastian bat bada zeruban,
Donosti bat bakarra munduban,
hura da santuba
ta hau da herriya
horra zer dan gure Donostiya (bis).
Irutxuloko, Gaztelupeko,
Joxemaritar zar eta gazte
Joxemaritar zar eta gazte,
kalerik kale,
danborra juaz,
umore ona zabaltzen hor dijuaz.
Joxemari! (bis)
Gaurtandik gerora penak txokora!
Festara!
Dantzara!
Donostiarrai oju egitera gatoz.
Pozaldiz!
Iñauteriak datoz! (bis)
Bagera!
Gu´re bai!
Gu beti pozez,
beti alai!