Josu Tellabide: 'Txillardegi'
Josu Tellabide, etnologoa
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zen hirugarren urteurrenean gaude. Bere izena ez duzute ez leku bat izendatzeko edo ezertarako erabiltzea nahi. Bada, Txillardegiren meritoak denek ezagutzen dituzte, zuek ere bai noski. Zer dela eta, orduan, ezetza hori izena bere omenez erabiltzeko? Badirudi onartzeko ahalmen eza duzuela ideia politiko desberdinak dituzten pertsonen oroitza onartzeko. Zer iruditzen zaizue norbaitek esango balu Vargas Llosak, edo Saramagok, idazleak, etabar luze batek ez dutela oroimena izateko eskubidea, edota ezin dutela sari internazionalak jaso, edo ezin dutela inon aipatuak izan bere meritu literarioengatik? Zoroa egon behar da horrelako zerbait esan edo egiteko. Merito literario horiek errekonozitzea ez du esan nahi Vargas Llosa eskuindarra ez denik eta Saramago komunista ez zenik… Gauza bat da pertsona horien jokaera politikoak eta beste bat da bere artea, trebezia eta merituak jakinduriaren edo artearen edozein alorretan. Gauzak analizatzen, arrazoitzen, ulertzen jakin behar dira. Guk aipatu pertsona horiek (adibide gisa) bere ideologia delata kondenatu edo goraipatu ditzakegu. Baina beraien meritoak ezin dira ukatu. Bada “autogorrotoa” deitzen dena, gure arteko ezin ikusia; bada gauzak ulertzeko arazoak, edo… Txillardegiren etsaiak euskaldunon etsai bertsuak dira eta zer ari zarete? Donostian beti izan eta diren “egiazko” agintariek ez dira zuetaz ezta gutaz ere fidatzen eta agintaritza beraiek dutenez, beraiek erabaki dute beti nor goraipatu behar den gure herrian. Politikara dedikatzen denak derrigorrez gorrotoak etxean utzi behar ditu, eta oposizio politikoa egiten ikasi, zeren bestela, oposizio baino sabotaia da egiten dena (gorrotoak itsutasuna dakar eta jakinduria ezak, atreberentzi handia). Esan mesedez, zer iruditzen zaizue “Reyes Católicos” eta “Alfonso VIII.” pertsonaiek kale izenak izatea (bi adibidetxo jartzeagatik)? Ze meritu dituzte lehendabizikoek? Gerrara, inbasioetara, jendea armaz noski hiltzera, Granadako liburutegi eta literaturazko izugarri balore handiko obrak erretzea han sartu zirenean… meritu kulturalak edo gizakiaren aldekoak al dira? Eta bigarrena, gerretara ere dedikatu zena, gure herria inbaditu eta okupatzera? Aitzol euskalzale, idazle, kazetari, bertsolari eta sindikalista erraldoia, torturatu eta asesinatu zuten. 1936ko urriaren 17ko La Voz de España eta El Diario Vasco-k agertzen zuten berria: “capturado… el energúmeno Aitzol, sacerdote separatista.” 78 urte ondoren oroitu da norbait… eta bere oroimenez kale bat jarri zaio… badirudi baimena orain eman dutela Donostiako egiazko agintariek. Ez al zuen orain arte -2014ra arte- oroimenik merezi? Bada Pio Barojaren kasua, oso adierazgarria. Pio Baroja oso kritikoa izan zen; “Soy donostiarra pero no siento gran entusiasmo por ello. Para qué adornar la ciudad con bagatelas de bazar que no sirven para nada? La inspiración de los monumentos de San Sebastián ha partido de contratistas, maestros de obras y de concejales” zioen. Noizbait jarri behar eta, hil eta 16 urtetara jarri zioten pasealeku bati bere izena. Fernando Sasiain, Donostiak izan duen alkaterik hoberenetakoa izan zen ( 1931-1936), errepublikarra zen. Pertsona zintzo eta politikari gailena, Donostiako hainbat proiektu eta obra kultural aurrera ateratakoa, krudelki errepresionatua izan zen eta ondasun guziak lapurtu eta eroetxe batean ahaztuta hil zen. 35 urte pasa behar izan dira kale batean izena oroitzeko, eta 56 urte San Telmo museoko alde berriari bere izena jartzeko. Izen asko badira Donostiako oroimenean: aristokrata, politikari, errege, santu, elizgizon, militar, jauntxo, kontratista, promotore, alkate eta zinegotzi ohiak, etabar. Baina kulturarekin loturiko pertsonak, gutxi. Hona hemen adibide batzuk:- Gros auzoa. Jose Grosen semea zen Tomás Grosek eta Juan Migel iribas lur jabeek eraiki zuten auzoa eta aurrenekoen izena hartu zuen, negozioa biena zen baina. Kultura gizonak? Ez, negozio gizonak soilak baizik. Eta noski, zinegotzi eta alkate izanak! Auzoa mendeetan Zurriola deitzen zen… ordurarte.
- José María Salaverria idazlea eta kazetaria. Oso adierazgarriak dira bere lanak: Vieja España, Los Conquistadores, El Muchacho español, Santa Teresa de Jesús, Las Sombras de Loyola… 1936-1939 urteetan La Voz de España-n idatzi zuen beti.
- Claudio Anton Luzuriagaz zer esan… Lege gizona zen, Oñatin ikasita, errege espainolak Donostiako diputatu izendatu zuen, beti Foruen aurka ibili zen hauek industriaren hazkundean oztapatzen zutelako bereesanetan; aduanak Ebrotik Irunera aldatzeko borrokatu eta lortu zuen 1841.ean. Ordainez, ministro egin zuen erregeak.
- José Matía Calvo. Merkataria omen zen. Esklabu beltzen trafikora dedikatzen zen bere Bella Vascongada fragatarekin. Hil eta gero zerua irabazteko ahaleginetan zahar behartsuentzat asiloa, gaur Matia Fundazioa dena, egiteko eman omen zuen dirua. Eta bere izena kale nagusi batek darama, gainera.