Justiziak babesik gabe utzi nau
Donostiako erdigunean izandako lapurreta baten lekuko izan nintzen, eta 112 zenbakira deitu nuen abisua emateko. Ertzainak azkar bertaratu ziren, eta bi gaizkileak atzeman zituzten. Ondoren, ertzainak nire etxera etorri ziren, neuk emandako datuak formulario batean jasotzeko. Handik egun batzuetara, epaitegira joateko abisua jaso nuen, deklarazioa egiteko. Bertaratu eta gela handi batean itxaroteko esan zidaten. Nire harridurarako, hantxe bertan neuzkan ondoan neronek salatutako delitugileak. Handik pixka batera, nire izen-abizenak ozenki esan zituzten epai-gelara pasatzeko. Epailearen aurrean, eta atxilotuen aurrean ere, nire testigantza eman behar izan nuen. Beraz, hemendik aurrera, argi daukat ez dudala beste salaketarik egingo, zeren eta gaizkileek nire izen-abizenak eta aurpegia ezagutzeko aukera izan baitute. Horrela babesten al ditu justiziak gizabidez jokatzen duten herritarrak?
